Apiril bukaeran, Arabako Batzar Nagusiek, PP eta PSEren aldeko botoekin eta EAJ, Bildu eta Ezker Batuaren aurkakoekin, azalpenak eskatu zituzten. Horrez gain, Arabako Foru Aldundiari eskatu zioten Gipuzkoakoarekin atzerapenengatik kalteordainak eskatzeko aukera negozia zezan.
Arabako Herrilan eta Garraio diputatuak aurkeztutako ikerketak dioenez, 2008ko ekitaldiak 2,760 milioi euroko galerak ekarri zituen. Urte horretako urtarrilean inauguratu izan balitz autobidea, 146.174,82 euro gutxiago galdu izango ziratekeen. 2009ko ekitaldia 2,996 milioiko galerekin itxi zen, eta, bidesaria urte osoan kobratu izan balitz, 2,623 milioi galdu izango ziratekeen urte amaieran.
Adostasun bila
Orain, Arabako Foru Aldundiak Gipuzkoakoari erreklamatu diezaioke milioi erdi hori, apiril bukaeran PPk eta PSEk onartu zuten moduan, atzerapenak Gipuzkoako zatian egon zirelako. Dena dela, eta zenbait komunikabidek argitaratu dutenaren arabera, badirudi Arabako Herrilan eta Garraio foru saila "datuak kontrastatzearen eta ados jartzearen" aldekoagoa dela.