Gipuzkoako errepide sare osoan ordaintzea proposatu du Foru Aldundiak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 29a

Larraitz Ugarte Bide azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, "egun baino diru gehiago bildu beharra dago, baina modu orekatuagoan". Zabalik utzi ditu bidesari elektronikoak, binetak edota kabina berriak ezartzeko aukerak, baita prezioak igotzekoa ere.

Noticias de Gipuzkoa egunkariak gaur argitaratu duenez, baliteke Gipuzkoako errepideetan barrena ordaindu barik mugitzeko gaur egun dugun posibilitatea amaitzear egotea. Asteetan, Batzar Nagusietako ponentzian errepideen finantziazio sistemari buruz eta ordaintzeko aukera ezberdinen gainean eztabaidatzen egon eta gero, Aldundiak hainbat ondorio jasotzen dituen txosten bat argitaratu berri du, eta bertan "errepide sare nagusiaren erabiltzaile orok ordaintzeko beharra" azpimarratzen du. Bilduren proposamenak oposizioko alderdiren baten babesa jasotzen badu, beraz, badirudi aurrerantzean ordaindu egin beharko dela N-1, A-15 eta N-121 moduko errepideetan.

Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek "diru gehiago, baina modu orekatuagoan biltzeko premia" nabarmendu du, "errepideen mantentze gastuei aurre egiteko" helburuarekin.

Noticias de Gipuzkoak erreferentzia egiten dion zirriborro horren arabera, "135 milioi euro behar dira urtean errepideak mantentzeko; eta 230, N-1 eta Donostiako saihesbidea berriak bezala uzteko –zirkulazioak gehien kaltetu dituenak dira–". Eta Ugarteren esanetan, ez dago nahikoa diru: "Aldundiak 54 milioi euro bideratuko ditu, eta AP-1 eta A-8 autobideetako bidesarietatik 102 milioi euro bildu ziren 2011n".

Bost aukera

Bost aukera proposatzen ditu irtenbide moduan: egungo bidesariak garestitzea; binetak ipintzea; egun doanekoak diren errepideetan bidesariak ezartzea –egun, AP-1 eta A-8an ordaintzen da eta erabakita dago "2015ean irekiko den Deskargako autobidea ere ordainpekoa" izango dela, "banketxeekin hala hitzemanda dagoelako"–; gipuzkoarrei deskontuak aplikatzea; eta egungo bidesariak elektronikoekin ordezkatzea.

Aldundiaren iritziz, "aukera horien guztien nahasketa litzateke irtenbiderik hoberena". Edozein kasutan, gisa horretako aldaketa bat egitekotan, beharrezkoa litzateke foru arau bat onartzea Gipuzkoako ganberan; Bilduk 22 eserleku ditu bertan eta oposizioak 29. Orain arte zaila ari da izaten adostasunera ailegatzea, baina hurrengo asteak erabakigarriak izango dira, alderdiek euren proposamenak aurkeztuko dizkiotelako Aldundiak egindako txostenari. Akordiora ailegatuz gero, foru arau berri bat sortu beharko da eta Batzar Nagusietan onartu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak