Irati Itziar: "UEUk badauka bere tokia gizartean, ekarpen interesagarria egiten dio euskal gizarteari"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko mai. 30a, 02:00

40. aldiz antolatu dituzte aurten Udako Ikastaroak. Hori ospatzeko eta UEUri dagokion errekonozimendua egiteko, hainbat ekintza izango dituzte.

Udako Unibertsitateak 40 urte bete ditu aurten.

Azkar esaten da, ezta? 40 urte Udako Ikastaroak eskaintzen. Nabarmendu behar da orain dela 40 urte Iparraldean sortu zirela Udako Ikastaroak, hasiera batean hitzaldi sorta moduan. Gero, hegoaldera pasa ginen, eta aurten 40.a izango da.

Makina bat egin dituzue, hortaz.

Aurten konturatu gara ez daukagula kopuru zehatzik, zenbat jende pasatu den, zenbat irakasle, zenbat ikastaro eskaini ditugun… Denbora hartzen dugunean, polita izango litzateke datuok ateratzea. Horrenbeste urteren ondoren, sentsazioa daukagu garai batean euskaraz ikasteko aukera bakarra guk eskaintzen genuenez, euskalgintzan gabiltzan ia guztiak pasatu garela Udako Ikastaroetatik.

Zein da UEUren filosofia?

Kontuan hartzen dugu inguruak edo euskal gizarteak eskatzen diguna. Gaur egun, udako etengabeko prestakuntza dira pentsamendu edo filosofia horren barruan. Urte osoan ikasten dugun moduan, uda ere sasoi egokia da ikasteko. Gainera, udako ikastaroek dutena da uda giro horrek alde informala ezagutzeko aukera ematen duela: zure gustu edo interes antzerakoak dituztenak ezagutu eta kontaktua egiteko leku aproposa da. Alde batetik, ikastaro interesgarriak izan behar dute; baina, bestetik, baita freskoak eta parte-hartzaileak ere, uda giro hori aprobetxatzeko aukera ematen dutenak. Ikastaroak antolatzen ditugu UEUko bazkideekin. Auzo lanean antolatutako ikastaroak izaten dira. Bazkideei ematen diegu aukera gaiak proposatu edo irakasleak proposatzeko.

Hortaz, ideiak eskatzen dituzue?

Gure bazkideena zein gure inguruan lan egiten duten beste hainbat pertsonarena. Urte hasieran hasten gara proposamenak eskatzen, eta beti dago norbait ikastaroak emateko prest dagoena edo nonbait ikusi du ikastaro bat eta UEUk emateko egokia dela uste duena. 

Filosofia horri eutsiz, makina bat jende animatzen da ikastaroetara. Agudo amaitzen dira izen-emateak?

40 urteko ibilbidea izateak hori dakar. Jendeak ezagutzen gaitu eta badakite maiatz inguruan eskaintza zabaltzen dugula eta ze motatako eskaintza izaten den. Egia da behin probatu duenak errepikatu egiten duela. Gehiengoa errepikatzailea izaten da, gure kasuan oso positiboa dena.

Aurtengo eskaintza berezia izango da?

40 ikastaro eskainiko ditugu aurten. Dena prest daukagu, eta baita izena emateko epea ere. Izen-ematea zabalik egongo da ikastaroa hasi baino aste bete lehenagora arte. Uztailean lau astean zehar eskaintzen ditugu ikastaroak. Hasi baino astebete lehenagora arte zabalik egongo da.

Ohiko ospakizuna baino gehiago izango da?

Aurtengo 40. urteurrena berezia izango da guretako. Ohiko ospakizuna izan arren, UEU oso momentu ekonomiko larrian dago Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza galdu zuenetik. Hortaz, Udako Ikastaroak baliatu gura ditugu, alde batetik, egoera ekonomiko horri aurre egiteko; horretarako, ahalik eta matrikula gehien lortu nahi ditugu. Bestalde, UEUren aldarrikapen bat egin gura dugu. UEUk badauka bere tokia gizartean, UEUk ekarpen interesgarria egiten dio euskal gizarteari, baina euskara eta unibertsitatea uztartzeko bide horretan asko dago egiteko.

Krisiak ere eragin dio UEUri?

Hori da; alde batetik, krisi ekonomiko orokorrak eragin du, nabaritzen da bai dirulaguntzetan, eta baita matrikulazioan ere. Azken finean, jendeak diru gutxiago dauka ikastaroak egiteko. Gure asmoa beti izan da jendeari erraztea matrikulazioak egitea: dirulaguntzak sustatzen ditugu, deskontuak dituzte langabe eta ikasleek, baita UEUko bazkideek. Orduan, alde batetik, ikasleei matrikulazioa erraztea izango da helburua. Baina, bestalde, aurten Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza nominala, estrukturala dena, galdu dugu. Erakundea babesteko dirulaguntza hori galtzerakoan, erakundea bera ere kolokan geratu zen. Urte osoan landu dugu UEUrako errekonozimendua, baina Udako Ikastaroak ere egokiak dira horretarako.

Bonuak ere atera dituzue. Zer da hori?

Aipatutako errekonozimendu hori lantzeko hainbat ekimen jarri ditugu martxan. Horietako bat da bonuena: Oparitu UEU bonoak. Lehenengo aldia da horrelako bonuak ateratzen dituguna. 30 euroko bonuak dira, eta horien bitartez UEUko hainbat zerbitzu eta produktu lor daitezke: matrikulak, liburuak edo harpidetzak. Batzuetan, ikusten dugu jendeak interesa duela gure produktu edo ikastaroetan, baina hainbat arrazoi direla-eta ezin dutela parterik hartu; hala ere, beharbada, ezagutzen dute inguruan norbait interesa duena. Horiendako da egokia: erosi eta oparitu egin dezakete bonua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak