Julen Murgiondo errekortadorerik onena

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko maiatzaren 27a

Zezen errekortadore eskola izan zen atzo Pentekoste jaietan eta txikienak ikusi genituen zezenen aurrean. Irunetik, Oiartzundik, Tolosatik… etorritakoak. Eta, horien artean debagoiendar bi: Iker Elices arrasatearra eta Julen Murgiondo bergararra, 11 urtekoak. Gazte, baina ausart. Primeran aritu ziren. Aierdi baserriko Julen Murgiondok irabazi zuen txapelketa. Herritarren aurrean, lagun artean, bizkar gainean atera zuten plazatik.

Errekortadore bergarar eta arabarren arteko lehia ere izan zen, gaztetxoenaren ostean. Hauek jaioagoak, adarren aurrean saltoka sarriago ibiliak. Desafioan, arabarrak izan ziren hobeak. Salto eta errekorte ikusgarriak egin zituzten, gainera. Errekorte artistikoak egin eta bigantxei uztaiak ipintzen jardun zuten bergararrak zein arabararrak.

Bergararren partetik, Iker Agirre Txili, Unai Arana Xurra, Aitor Jaso eta Blas Cruz, arrasatearra berau, aritu ziren.

Eta, Arabatik, Sergio Urrutikoetxea (oso txaslotua),  Sergio Valle, Imanol Diaz eta Juan Gandarias.

Bestalde, lehen aldiz, neskak ere aritu ziren errekorteak egiten. Errioxatik etorritakoak. Hauek ere Bergarako zezen plaza bete zutenen txalo zaparrada jaso zuten.

Gaur, Euskal Herriko errekortadoreen ikuskizuna izango da 18:30etik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak