Helburu nagusia honako hau da: euskaldun kopuru handia duten herriak babestea eta laguntzea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Martin Garitano diputatu nagusiak sinatu ditu bi hitzarmenak; UEMAren izenean, Maren Belastegi lehendakariak sinatu du berea, eta Kontseiluaren izenean, Paul Bilbao idazkari nagusiak.
"Gipuzkoa lurralde euskalduna"
Martin Garitainok esan duenez, "Gipuzkoa lurralde euskalduna da eta euskaraz bizi nahi du. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin nahi du herrialdearen errealitate soziolinguistiko horrekin, bai bere hizkuntza jardueretan, bai euskara sustatzeko egindako ekimenetan. Foru Aldundiak euskaraz bizitzeko eskubidearen alde egin nahi du, gure hizkuntzari lehentasuna emanda eta euskaraz bizi ahal izatea bermatuta".
"UEMAk garrantzi handiko lana"
"Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, UEMAk garrantzi handiko eginkizuna betetzen du euskararen normalizazio prozesuan, mankomunitatea osatzen duten herriak arnasguneak direlako gure hizkuntzarentzat. Gainera, euskaraz bizi diren udalerriak onuragarriak dira gure hirientzat eta Euskal Herri osoarentzat ere, euskara hain zabalduta ez dagoen tokientzat eredu eta arnasa direlako. Babes berezia behar dute, beraz", gaineratu du diputatu nagusiak.
59.000 euro
Hitzarmenaren arabera, Foru Aldundiak laguntza emango dio UEMAri euskara planak garatzeko. Horrez gain, herri erakundeen egitasmoek udalerri euskaldunetako euskararen egoeran izan dezaketen eragina neurtzeko eta balizko kalteak murrizteko, Foru Aldundiak neurri zuzentzaileak proposatuko dituen arau egitasmo bat zehaztuko du, lankidetzan, eta bakoitzak bere eraginpeko esparruetan ezarriko du. Hitzarmen honen ildotik, 59.000 euro emango dizkio Foru Aldundiak UEMAri.
"Dinamika koordinatua" Kontseiluarekin
Ildo beretik doa Kontseiluarekin sinatutako hitzarmena. "Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin batera, dinamika koordinatu bat jarriko dugu abian, arnasguneetako eta euskalgintzako kideen artean, gune horien garrantzia jendarteratzeko, eta arnasgune horiek egituratzeko", adierazi du Garitanok. Hitzarmen honen ildotik, 15.000 euro emango dizkio Foru Aldundiak Kontseiluari.
Maren Belastegi: "Nagusi izango den lur-gunea behar du euskarak"
Maren Belastegi UEMAko lehendakariak esan duenez, "Udalerri euskaldunok garrantzi handiko eginkizuna dugu euskararen normalizazio prozesuan. Euskarak, biziko bada, berez nagusi izango den lur-gunea behar du, eta hori nolabait gauzatuko litzateke, udalerri euskaldunok batuko bagina. Izan ere, Euskal Herrian egoera minorizatuan egonda ere, udalerri euskaldunetan euskara da nagusi eguneroko harreman arruntetan, behintzat".
'Euskaraz bizi nahi dut'
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, bere aldetik, Euskaraz bizi nahi dut erakunde honen dinamikarekin lotu du hitzarmena: "Ideia hori eguneroko bizitzan txertatzeko, nahitaezkoak dira arnasguneak". Izan ere, Bilbaok adierazitakoaren arabera, "hizkuntza bat edo bestea aukeratzea ez dago soilik norberaren esku. Bete faktore batzuek ere eragiten dute. Eta arnasguneek euskaraz bizitzea ahalbidetzen digute".
Euskaldun kopuru handia duten herriek bidera erakusten dutela gaineratu du, eta Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenak ildo horretatik doazen hainbat proiektu garatzen lagunduko diola Kontseiluari.