Ibarreko Athletic-zaleak Europako finaleko kolpea gainditzeko asmoz

Xabier Urtzelai 2012ko maiatzaren 25a

Denboraldi borobil baten ostean lortutako bi sarietako azkena jokatuko du Athleticek gaur gauean (22:00). Lehenengo sariak zapore garratza izan zuen, eta askoren kasuan motz geratuko gara esaldi horrekin, Europako finala Atletico de Madrid taldearen kontra galtzeak –galdu zuten moduan– zapore txarra baino askoz gehiago eragin zuelako.

Aspaldiko atsekabe handiena, askoren kasuan: "Bizi osorako disgustua geratu zait niri, zalantza barik. Sekulakoa hartu nuen, eta ea Errege Kopa hau irabazita gorputz txarra baretzen zaidan apur bat", onartu digu zintzo Madrilera abiatu aurretik Intxortako Lehoiak taldeko presidente Felix Irizar elgetarrak.

Haritz Gallastegi ere Madrilera abiatu aurreko bezperan harrapatu dugu, eta Euskadi Irratiko esatariak eztarria urratzeko asmoz hartu du Espainiako hiribururako bidea, Athleticen golak ospatuz, noski.

Europako finala galdu arren, baina, Gallastegik ez du talde zuri-gorria egiten dabilen denboraldia aspaldian ahaztuko: "Badakigu gurean dena dela zuria ala beltza, gris koloreak ez du lekurik. Finalak irabazten ez badira badirudi ez dugula urtean zehar ezer egin, eta nik uste dut Athleticek sekulako denboraldia egin duela. Iaz urte polita egin genuen sailkapenera begiratuta, Europara sartu ginen, baina Athleticen jokoa erabat aspergarria zen. Eta futbolean garrantzitsuak emaitzak badira ere, Bielsak lortu du talde zuri-gorriak bikain jokatzea, ilusioa errekuperatzea. Athletic zalea ez denak ere aurten gustura ikusi talde zuri-gorria, niri Mostovoi eta Karpinen Celtarekin gertatzen zitzaidan gauza bera".

'Espe', motorrak berotzen

Gaurko finalak beste osagai batzuk ere baditu, futboletik haratagokoak. Eta batzuk arduratu dira aste barruan horiek berotzeaz, tartean, Esperanza Agirre: "Ea Madrilen ez den istilurik egoten, eta ez garen probokaziotan erortzen", diosku Felix Irizarrek. "Athleticak eskatu beharko luke Madrilen berriro finalik ez jokatzea, han ez gara-eta ongietorriak". "Politikoek, gutxienez, zuhurtziaz jokatu beharko lukete, eta berba egin aurretik gauzak birritan pentsatzea", dio Gallastegik. "Lehen ez dakit txistu egingo nukeen", dio Arnaitzek: "Baina sekulako gogoak sartu zaizkit orain".

Zaleen iritziak

Felix Irizar, Intxortako Lehoiak

"Tituluren bat irabazten ez badugu, denboraldia pattal geratuko da. Athleticek Europan egin duena galanta izan da, sortu duen ilusioa, izan duen joko maila... Baina titulua lortzea beste gauza bat da".

Beñat Arnaiz, Aretxabaleta

"Disgustu galanta hartu genuen, eta uste dut oraindik taldeak eta zaleok ez dugula gainditu. Finalera begira jokalariengan baino entrenatzailearengan dut konfiantza".

Haritz Gallastegi, Kazetaria

"Finalak ez dira egunero jokatzen, eta Athleticek denboraldian zehar izandako maila erakusten badu aukerak izango ditu. Dena dela, talde zuri-gorriak aurten egin duena demasekoa izan da".

Pello Garitano, Bergara

"Gaurko finala baino esperantza handiagoak nituen aurreko finalean. Bartzelona da faborito, eraginkortasun handia dute, baina Athleticek denboraldian zehar erakutsi duen mailan jokatzen badu, argi".

Anton Elortza, Oñatiko Anton taberna

"Atsekabeak ahaztu egin behar dira, Bucarest-en Munich-eko Bayern-en kontra jokatu izan bagenu beste final bat izango litzateke. Taldeak ondo jokatzen badu seguru izango dituela partidua irabazteko aukerak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak