Deskargako autobidea legealdiko "proiektu izarra" Gipuzkoako Foru Aldundiarendako

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 23a

Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen urteetarako egitasmo estrategikoak partekatu zituen atzo, martitzena, 300 herritar ingururekin. Pasaian egin zuen  ekitaldia, udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik urtebetera. Deskargako autobidea 2015erako gertu egongo dela, Gizarte Zerbitzuetara aurrekontuaren erdia bideratuko dutela eta hondakinen kudeaketa zikloa errauste planta eraiki gabe itxiko dela adierazi zuten, besteak beste. Exekutiba berriaren marka ere aurkeztu zuten: 'Gipuzkoa Berri'.

Martin Garitano ahaldun nagusia eta foru diputatu eta zuzendariak Gipuzkoako udaletako ordezkariekin eta beste hainbat elkarte, erakunde eta enpresatako ordezkariekin batu ziren. Pasaia aukeratu zuten ekitaldia egiteko, Pasaia biziberritzea izango delako Aldundiaren lehentasunetako bat eta, horretarako, ezinbestekotzat jo zuten "Herrerako lurrak Pasaiako Udalari eta herritarrei itzultzea"; Martin Garitano ahaldun nagusiak jabetza herriari itzultzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Diputazioko gobernuaren izenean.

Foru ordezkariek azaldu zutenez, lehentasunak izango dira: euskara, berdintasuna, aniztasuna, migrazioa, parte-hartzea, giza eskubideak eta memoria historikoa. "Beste Gipuzkoa bat eraikitzea" izango dute helburu eta, horretarako, "beste eredu ekonomiko baten alde" egingo dute. 

"Gipuzkoa Zero Zabor"

"Gipuzkoa Zero Zabor bihurtzeko erabakia" hartua du Aldundiak. Azaldu zutenez, hondakinen kudeaketa eredua aldatzea izango da diputazioaren erronka nagusietako bat eta "epe laburrean" aurkeztuko dute hondakinak kudeatzeko plan berria. Horren harira, Garitanok aurreratu zuen errauste plantan oinarritutako ereduak zuen kostuaren erdia izango duela azpiegitura sare berriak eta errauste plantarik eraiki gabe itxiko dela hondakinen kudeaketa zikloa: "Errauste planta ez da beharrezkoa, funtzionatzeko modua aldatzen badugu. Badaude alternatibak". Gipuzkoa "Zero Zabor lurraldea" izateko lan egingo dutela gehitu zuen Alduntzinek.

Deskargako autobidea zabalik 2015ean

Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu zuen datozen urteotan apenas egingo dela azpiegiturarik, "udalek eskatutako ezinbestekoak izan ezik" eta "proiektu izarra 2015eko apirilean inauguratuko den Deskargako autobidea" izango dela gehitu zuen. Diputazioaren esanetan, azpiegitura hori garrantzitsua da Gipuzkoako eta Euskal Herriko eskualdeak elkar lotzeko. Horrekin batera, garraio publikoa eta txartel bakarra sustatzeko ahalegina egingo dutela ere azaldu zuen.

Aurrekontuaren erdia gizarte zerbitzuetara

Ander Rodriguez Gizarte Politikarako diputatuak aurrekontuaren erdia gizarte zerbitzuetara bideratuko dela azaldu zuen eta, hori horrela izan dadin, "Aldunditik egindako ahalegina" azpimarratu.

Helena Franco Ogasun diputatuak "iruzurraren aurka borroka egiteko, diru publikoa egoki erabiltzeko eta beharrezkoak ez diren gastuak ekiditeko borondatea" erakutsi zuen.

Kultura arloan, bestalde, lehentasunak Arteleku, Tabakalera eta Koldo Mitxelena izango dira. 

Herritarrekin bilerak

Pasaian egindako ekitaldia Gipuzkoako beste hainbat tokitan ere egingo da, formatu txikiagoan, "Aldundiaren hausnarketa eta proiektuak partekatzeko, eta parte-hartzea sustatzeko helburuarekin". Debagoieneko bilera Arrasaten egingo da, Garaia Berrikuntza Gunean, hilaren 30ean, 19:00etan.

Informazio gehiago eskuragarri www.gipuzkoaberri.net helbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak