Herritar arruntak dira, eta pentsaezinekoa lortu dute: epaitegietan bankuei irabaztea. Bi urte iraun duen prozeduraren ondoren, Aitziber Uribetxebarriak, Gaizka Bolinagak eta Ignazio Bediak arrazoi dutela eta eurek salatzen zituzten bankuek informazioa ematerakoan "akatsa" egin zutela erabaki dute epaileek.
Euren arazoa egun batetik bestera hasi zen, ohiko banketxeko ohiko bulegoetan. Banketxearekin produktu bat kontratatzeko dokumentuak izenpetzerakoan –hipoteka–mailegu bat, kasu–, eskaintza bat jaso zuten, ustez "asegurua" zena eta inongo arriskurik ez zuena. Euren esanetan, oso denbora txikian jaso zituzten azalpenak. Izenpetu egin zuten eta lasai joan ziren. Baina, handik gutxira, hilero-hilero, kargu handiak jasotzen hasi ziren, milaka euroko karguak. Ikertzen hasita, jakin zuten swap izeneko produktu eratorri bat zeukatela, eta ez zela ez aseguru bat, ez, are gutxiago, arrisku txikiko produktu bat ere: aitzitik, oso arrisku handiko produktu bat zen, mundu osoko bigarren mailako interes-tipoen merkatuetako subastatan jokatzen zena. Abokatu batekin harremanetan ipini ziren eta, azkenean, salaketa ipini zieten banketxeei.
"Onarpen-akatsa egon da"
Auzitegi-prozedura guztiek epai berdina izan dute: "onarpen-akatsa" egon dela, hau da, banketxeek –Santander eta Guipuzcoano– ez zutela bezeroa ondo informatzeko euren legezko betebeharra ondo bete, eta bezeroek kalte ekonomiko larriak izan dituztela horren ondorioz. Swap-en ondorioz galdutako diru guztia bueltatu eta epaiketek ekarri dizkieten gastuak ordaindu beharko dizkiete bankuek hiru debagoiendar horiei.
Kasu asko daude
Euren abokatu Ruben Cuetok dioenez, lorpen handia da honakoa, eta Deba ibar osoan antzeko "kasu asko" daudela esaten du. "Banketxeen aurrean ere, epaiketa irabazi daitekeela argi geratu da", esaten du.