1. Drama bat abiapuntu duen komedia da Hil arte bizi. Aktore batendako, konbinazio perfektua?
Asko dira perfektuak eta niretzat hau, horrela da. Nire burua aktore dramatikotzat dut baina komedia ere sarri egin dut. Hemen, biak landuta, gustura nago.
2. Adiskidetasuna da antzezlanaren ardatzetako bat. Zer esanahi du zuretzat hitz horrek?
Asko esan gura du. Garrantzia handia ematen diot, familiarekin batera betirako pertsonak dira benetako lagunak. Lagun asko ditut eta ahal dudan gehien zaintzen ditut.
3. Jarri publizitate ikasketak praktikan eta saldu antzezlana.
Ordu eta erdi ondo pasatzeko aukera da; asteburuko planean sartzeko osagai perfektua. Leku ezberdinetatik eta oso azkar pasatzen da: barretik negarrera, eta berriz barrera.
4. Antzerkiko oihala altxatzen ari da. Zer duzu buruan?
Aldagai askoren araberakoa da, baina obra honekin egiteko gogoa izaten dut, baita beti urduritasun puntu bat ere. Antzeztu aurretik kontzentratzea gustatzen zait, nahiz eta beste bi aktoreekin zaila egiten den.
5. Zenbat zor diozu Goenkale-ko Mimiri?
Asko. Zor diot telebistan lan egiten ikasi dudala; baita aurpegi ezaguna bihurtu eta beste lan batzuk lortzeko aukera eman didala ere. Nire lanbideaz gozatu eta bizitzeko aukera eman dit.
6.Eta kurbak dituzten benetako emakumeei?
Lehen esperientzia profesionala izan zen antzerkian; kubatarrarena egin behar nuen kubatar artean. Inkontzientea baina ausarta izan nintzen eta antzerkian ate handitik sartzeko aukera eman zidan. Lankideekin barre asko egin nuen gainera!
7. Zinema hain magikoa al da?
Orain arte izugarri gustatu zait eta gehiagorako gogoa dut. Pertsonaia denborarekin presta dezakezu; sekuentzia bakoitza azterketa bat da, eta hori gustuko dut.
8. Ordiziatik Hollywoodera. Inoiz pasa al zaizu burutik?
Ez, hori baino errealistagoa naiz! Ez da nire ametsa; AEBetara oporretan joateko ere ez dut grinarik. Bai gustatuko litzaidake Estatuan edo zinema argentinarrean aritzea.
9. Euskal aktore batendako, zer esan gura du Madrilek?
Euskara jakinda, hemen lanerako aukera gehiago dugu. Madrilen gogorragoa da; iaz han bizi izan nintzen eta itzultzekotan, lanarekin edo ikastera litzateke; zerotik hastea oso gogorra ikusten dut. Hemen egon nahi dut; eta hemendik, mundura.
10. Beti izan omen behar duzu B plan bat. Orain ere bai?
Bai; Madrilen goi mailako ziklo bat egin nuen, karrera amaitzea da beste aukera bat... Baina A plana badut: aurrerago, El hijo de la novia filmaren antzerkirako euskarazko moldaketan egongo naiz.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Mundu honetako pertsona guztien sufrimenduarekin amaituko nuke; nahiko nuke inork ez sufritzea. Maitasun kontuen ondorioz sufritzea ez dago gaizki, baina benetako sufrimendua kendu egingo nuke. Uste dut gauza asko konponduko liratekeela".