Euskal eskola debagoiendarra egiten, 10 urte

Leire Kortabarria 2012ko mai. 22a, 02:00

Hilaren 18an, egubakoitza, Debagoieneko euskal eskola publikoko ikasle piloa Antzuolan batu zen, Debagoieneko Joko eta Jolas Tradizionalen X. Topaketetan. Lehia egin barik, Antzuola, Bergara, Oñati, Eskoriatza, Aramaio, Elgeta, Arrasate eta Aretxabaletako ikasleek elkar ezagutzeko eta elkarrekin jolas egiteko aukera izan zuten. Jolasa: azken baten, modu polita Goieskolak, Debagoieneko euskal eskola publikoak, bere 10. urteurrena ospatzen jarrai dezan.

Eta bazegoen zer ospatu, Goieskolako arduradunek martitzenean prentsaurrekoan azaldu zuten moduan. Eskola publikoa guztiz aldatu eta Euskal Eskola Publiko bihurtu dute; Debagoienera egokitu dute, bertako beharrei eta ezaugarriei erantzunez; eta administrazioek ipinitako mugak gainditu dituzte, bi lurralde historiko –Araba eta Gipuzkoa– hartuz eta bailara baten zentratuz. Hala, Debagoieneko eta Euskal Herriko mugetatik haratago ere erreferente da orain Goieskola.

Aurrera begira, euskal eskola publikoaren etorkizunaren gaineko Haratago izeneko txostena aurkeztu zuten Goieskolakoek.

Garai gogorretan aurrera 

Orain 10 urte, Debagoieneko eskola publikoetako 11 zuzendariek indarrak batzeko beharra ikusi zuten. Orduko egoera gaurkoarekiko oso desberdina zen, Goieskolako presidente Kepa Altubek Arrasate Irratian kontatu zuen moduan: "Eskola Nazionalaren kutsua zuten ikastetxeek; A eredua ere oraindik bazegoen; parte-hartzea ez zen oso handia… Kezka horiei oratzeko, zuzendariek elkartea sortu zuten, horren ildoak markatu eta hortik joan ziren: euskara, parte-hartzea, irudia aldatzea… eta nabarmena izan da Euskal Eskola Publikoak egin duen aldaketa eta jendartean izan duen eragina". Egindako aitzindaritza lana eskertu zieten orduko arduradunei martitzeneko ekitaldian.

Beste zailtasun bat ere izan zuten orduan: sarea ez zen gura adina zabala. Izan ere, orain 10 urte, Haur eta Lehen Hezkuntza, eskola txikiak eta Bigarren Hezkuntza hartzen zituen  sareak. Urteak joan ahala, sarea osatuz joan da, eskaintza handituz, eta gaur egun adin guztiak hartzen ditu Euskal Eskola Publikoak Debagoienean: Haur Hezkuntza, eskola txikiak, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta goi mailako zikloak, eta Helduen Heziketa Iraunkorra (EPA).

Ikasleekin konprometituak 

Oso lorpen garrantzitsua izan zen ere Goieskola Debagoieneko euskal eskola publikoa izatea: unean uneko administrazioari, batik bat Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikita eta haren mende dagoen ikastetxe sare bat Debagoienari egokitu eta bere izaera ematea lortu zuten, eta Debagoieneko jendarteari interesatzen zitzaizkion kontuak eta erronkak aurrera atera zituzten, Kepa Altubek Arrasate Irratian gogoratu zuen moduan. Besteak beste, Debagoieneko eskola publiko osoan D eredua, euskarazko hezkuntza eredua txertatu zuten.

Goieskolaren historiako mugarri edo une inportanteenetariko bat 2005-2006 ikasturtean izan zen, Heziketaren Aldeko Manifestua delakoa egin zuenean. "Arduradunek garbi zeukaten ikaslea izan behar zela hezkuntza sistemaren zentroa, eta administrazioak ezartzen zuen estuasuna gainditu nahi zutela", esan zuten gaur egungo zuzendariek martitzenean. Manifestu hartan, "heziketa sistema humanoagoa eta eraginkorragoa" sortzera konprometitu ziren, eta eskola eta gizarte osoarekin baina, "batez ere", hezi nahi zituzten neska eta mutikoekin sentitzen zuten konpromisoa berretsi zuten. Familien parte-hartzea ere gero eta sendoagoa egiten joan zen, eta gaur egun, ikasleak bakarrik ez, haien familiak ere Goieskolako protagonistetako batzuk dira.

Datozen urteotarako helburuen artean, eskolaren autonomia eta izaeran sakontzen jarraitzea dute Goieskolan. Beste helburu zein erronka hauek ere badituzte: Goieskolan egiten ari direna erakustea eta konpartitzea; Debagoieneko Euskal Eskola Publikoan egiten diren praktikek ekartzen dutenaren mamia biltzea eta zabaltzea; eskola publikoaren oihartzuna handitzea; elkarbizitza eta parte-hartzea indartzea; familia eta eskola gero eta gehiago lotzea; informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez ikasleen gaitasunak eta metodologia berriak lantzea, eta beste hainbat.

Errekonozimendu zabala 

Goieskola erreferente bihurtu da Debagoienean eta kanpoan. Gure eskualdean, Debagoien osoan sortzen den elkarte bakarrenetariko bat izan delako; eta, ikastetxe edo eskolen zuzendarien elkarte soil bat baino askoz gehiago delako: sarea, lantaldea. Altuberen esanetan, asko kostata lortu dute errekonozimendu hori: "Gu kontuan hartzea kostatu zaigu, hemen, Hezkuntza Sailaren aldetik…". Baina lortu dute.

Horrela bada, Goieskolak beste erakunde batzuekin lan egiten du, nortasun osoz: Hezkuntza Sailaz gain, Sarean (EAEko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak), Bihe (institutu publikoetako zuzendariak), Ikaslan (EAEko Lanbide Heziketako zentro publikoak) edo Ehige (euskal eskola publikoko gurasoak) elkarteekin dihardu. Hain zuzen, Bihe, Sarean eta Ehigek Haratago izeneko txostena egin dute, hezkuntza publikoaren erronken inguruan, eta dokumentu hori aurkeztu zuen Goieskolak martitzenean. Besteak beste, premia hauek azpimarratzen dituzte: erakundeen artean elkarlana, ikaskuntza etengabe hobetzea, Eusko Jaurlaritzak eskola publikoen sareari diru gehiago ematekoa (inguruko herrialde garatuenen Barne Produktu Gordinaren zati berbera eskatzen dute), baztertze arriskuan daudenak bereziki hezkuntzan txertatzea, kudeaketa ekonomikoa deszentralizatzea eta ikastetxe bakoitzak bere ekonomia-proiektua egitea, edo zentro berriak egin beharra.

-----------------

Hamar ikasturte eta hamar mugarri

2000-2001 Goieskola 2000-2001 ikasturtean sortu zuten orduko zuzendariek. Eskolen diagnostikoa egin zuten.

2001-2002 Aniztasunaren eta Kulturartekotasunaren Kongresua eta Eskolarteko Kirol Jardunaldia antolatu zituzten 2001-2002 ikasturtean.

2002-2003 Goieskola Hezkuntza Proiektua aurkeztu zuten.

2003-2004 Webgunea aurkeztu zuten. Orain gutxi berritu dute, eta helbide honetan dago: www.goieskola.hezkuntza.net. 

2004-2005 Pribatu-publiko bikoizketaren gainean hausnartu zuten Goieskolak; zehazki, 0-2 urte arteko etaparen gainean.

2005-2006 Hezkuntzaren Aldeko Manifestua jendarteari aurkeztu zioten Goieskolako arduradunek.

2006-2007 Irudi korporatibo berria aurkeztu zuten. Gainera, Lana, familia, haurrak, eskola…bateragarria? delako jardunaldia egin zuten.

2007-2008 Atzerritarren integrazioa eta hizkuntza bateratuen trataera esperientzien gaineko jardunaldia egin zuten.

2007-2008 Atzerritarren integrazioa eta hizkuntza bateratuen trataeraren gaineko jardunaldia egin zuten.

2008-2009 Curriculum berria, elkarbizitza eta etorkinen integrazioa landu zituzten.

2009-2010 Goieskolatek jardunaldiak egin zituzten, teknologia berrien gainekoak.

2010-2011 Ikastetxeen arteko komunikazio eta koordinazioaz hausnartu zuten.

-----------------

Denen artean egindakoa

Bailarako eskolen sareak 32 orriko eta koloretako Goieskola 10 urte delako aldizkaria egin du, eta familia guztiei eta hainbat erakunderi banatu die. 10 urte hauetan ikastetxe bakoitzak egin duen proiektu baten gaineko artikuluak daude, askotariko gaiekin: metodologia aldaketak, euskara, elkartrukeak, Eskola 2.0… Goieskolaren historia gainbegiratu dute horrela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak