Aretxabaletari 2-3 irabazita, Mondrak esperantzari eusten dio

Edu Mendibil 2012ko maiatzaren 20a

Azken minutura arte sufrituko dute Mondrako zaleek, taldeak mailari eusten dion jakiteko. Gaur azken unean erdietsi dute garaipena Ibarran. Urrezko hiru puntu ekarri dituzte Aretxabaletatik eta dena azken jardunaldian erabakiko da: Mondrak Urola hartuko du etxean eta Hondarribiak Tolosa. Mondrak beharrezkoa izango du garaipena lortzea eta, era berean, Hondarribiaren emaitzaren zain egon beharko dute, bi puntu gehiago dituztelako kostaldekoek.

ARGAZKI GALERIA

Gutxitan izango du Mondrak garaipen bat horren eskura gaur baino. 0-2 aurreratu ziren Azkaratek eta Aizpuruk egindako golei esker, baina hala ere, bukaeraraino sufritu behar izan dute. Atsedenaldia baino lehen Gonzalezek etxekoen lehen gola egin du, korner jaurtiketa bat bigarren zutoinean, buruz ederto errematatuta. Bigarren zatia lasaia izan da, lagunartekoa ia, UDAk binakoa egin arte: Ibai Hernandezek gol bikaina egin du ezkerkada batekin. Ezer gutxi egin ahal izan du Eriz Mondrako atezainak.

Hogei minututik gora geratzen ziren partidua amaitzeko eta Mondrak beharrezkoa zuen gola egitea. Aurrera egin dute arrasatearrek garaipenaren bila, baina ate aurrean ez zuten asmatzen. Aizpuruk, Del Palaciok eta Zabalak izan dituzte aukerarik onenak eta gola ere egin du Aizpuruk hurrengo jokaldian, baina Mondrakoak gola ospatzen ari zirela, jokoz kanpo adierazi du marrazainak. Erraz heltzen zen Mondra UDAren atera baina ezin golik egin. Amaieran Aizpuruk baloia sareetara bidaltzen asmatu duen arte. Orduan hartu dute lasaitua Mondrakoek. Harmailetan, berriz, komentario maltzur bat edo beste entzun da UDAko zaleen partetik, Mondrakoen esperantzaren gola zela-eta.

Oraindik ere, esan bezala, azken segundora arte sufritu beharko dute Mondrakoek. Bien bitartean, esperantzari eusten diote arrasatearrek.

Aretxabaleta: Eriz, Gorosabel, Igartua, Arriaran, Azkarraga, Badiño, Eraña, Perez, Arizmendiarrieta (Gilen Mar, 60 m.), Hernandez (Arrizabalaga, 70 m.) eta Orueta.

Mondragon: Garaia, Barranca, Gomez, Zabala, Calzon, Crespo, Gonzalez, Azkarate (Del Palacio 75 m.), Aizpuru, Zaitegi eta Pavon (Ormaetxea, 57 m.).

Epailea: Gallego, Cuesta eta Lasarte marrazainen laguntzarekin. UDAko Azkarraga, Perez eta Hernandezi eta Mondrako Zabala, Gonzalez eta Del Palaciori atera di txartel horia.

Bestelakoak: Klubaren egun erdia izendatu du UDAk gaurko partidua. Arrasateko zale dezente Ibarran. Hotza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak