Fernando Rivierek lortu du emailea!

Ubane Madera 2012ko maiatzaren 20a

Fernando Riviere aretxabaletar umetxoak lortu du bere bizia salbatzeko ezinbestekoa den hezur-muin emailea. "Asteon jakinarazi digute semearendako emailea aurkitu dutela eta Bartzelonara joan behar izan dugu frogak egitera. (…) Emaile anonimo horrek irteera lerroan jarri gaitu, gure bizitzako lasterketarik garrantzitsuenari hasiera eman ahal izateko", adierazi du familiak

"Fernando osatzeko aurrerapausoa da, nahiz eta oraindik bide luzea izan aurretik" (…) Guztioi eskerrak eman gura dizkizuegu emaile egitearren. (…) Zenbat eta emaile gehiago egon datu basean izena emanda, aukera handiagoak izango dituzte oraingo eta etorkizuneko gaixoek. Familiak eta bizitza duten pertsonak dira guztiak, tunelaren amaieran argi bila dabiltzanak, Janire, Alvaro, Mikel, Rosa… deitzen diren pertsonak", dio familiak bere blogean.  

Bueltan, pozik eta irribartsu

"Behar dugu zuek imaginatzea hilabete gutxi barru Bartzelonatik bueltatuko garala irribartsu gaixotasun honi beste guda bat irabazi eta gero. Imaginatu Fernando irribarre handi batekin eta… pozik!", gaineratu dute.

Ea bada, horrela den. Esperantzarako bidea benetakoa dela erakutsiko lukete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak