Debagoiena ere Plazara! irten da presoen alde

Leire Kortabarria 2012ko maiatzaren 19a

Euskal Herriko 200 plazetan, eta Debagoieneko plazetan ere, Goazen Plazara! mugimenduarekin bat egiten zuten herritar asko eta asko agertu dira gaur. Euskal presoen giza eskubideak errespeta daitezen eskatu dute berriz herritarrek.

Arrasaten, Oñatin, Aretxabaletan… eguerdian izan dira ekitaldi nagusiak.

Arrasaten, eguraldi kaskarrari aurre eginez 600 bat lagun elkartu ziren plazan. 

Herri krosean 45 pretsonek hartu zuten parte; plazako elkarretaratzean 450; bazkarian 140; umeen txokora ere animatu zen ume ta guraso dezente; serigrafia tailerrean, kamiseta guztiak gastau ziren (100 bat kamiseta)...

Eta bazkal ostean, musika talde desberdinek, bertso eskolako hainbat bertsolarik, dantzariek, trikitilariek, txistulariek... plaza bete zuten arratsaldeko 19:00ak arte.

Presoen egoeraren berri ematen zuen testua ere irakurri zuten eta amaozeran, Josu Uribetxeberria herriko presoari egin zioten erreferentzia zuzena. Izan ere, ekainaren 9an, 9an Leongo espetxera egingo den martxaren berri eman zuten.

Arrasateko Udalak Bildu, EAK eta Aralarreko zinegotzien babesarekin, mozio bat onartu berri zuen Josuren Uribetxeberriaren askatasuna eskatuz. 

Eta Leongo espetxera Udal delegazio bat abiatuko da bertako zuzendariari Uribetxeberriaren egoera azaltzeko. 

"Herrirak, martxa bat antolatuko du udal delegazioa laguntzeko, ekainaren 9an. Handik bueltan, Arrasateko kaleetan manifestazio bat egingo dugu. Ekainaren 9an beraz, goazen Leonera, Josu, herrira!".

Hemen Arrasateko atzoko hiru argazki:

Bergaran, 19:00etan bildu dira herriko plazara, ordu erdi lehenago abiatutako hiru kalejirak. Hala, jende ugari bildu da Bergarako San Martin plazan, herriko presoen etxeratzea eskatzeko.

Jendeaz gain, Bergarako kultur eragileak arte desberdinekin adierazi dira. Haien artean, Udal Musika Banda, Beart Elkarteko Margolariak, Bergarako Herraldoi Taldea, Kilikiak, Osintxuko Musiraka dantza Taldea, Txapa Irratia, Alai Taldea eta kirol taldeak izan dira.

Hauek izan dira Goazen Plazara! mugimenduaren eskaerak: gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea; bizi osorako zigorra aplikatu ez dadila; eta sakabanaketa bukatu dadila. (ARGAZKIAK: Herrira Bergara).

Oñatin 300 lagun elkartu dira Goazen Plazara! ekitaldian. "Arrakasta itzela", antolatzaileen esanetan, Oñatiko Herriea! ekimenekoen esanetan..

Goizeko zortzietan ekin diote Goazen Plazara! ekimenari. Herriko plazan elkartu dira hiru mendi tontorretara (Arranoaitz, Aloña eta Orkatzategi) igo eta bertan Euskal preso eta iheslariak etxera dioen zapia jartzeko. Eguraldia lagun izan ez duten arren, giro bikainean egin dituzte mendi martxak. Gero, 12:00etan, poteoari ekin diote trikititxarangarekin herriko tabernetan zehar, euskal presoen eskubideak aldarrikatzen dituen argazkia banatzeko.

13:15ean berriz, ekitaldi nagusia egin dute plazan: Goazen Plazara! 300 lagun elkartu dira bertan. Herriko hainbat taldek ekimenari babesa erakutsi eta parte-hartu dute: txistulariek, trikitilariek, bertsolariek eta dantzariek. Ekitaldi arrakastatsua izan da. Ondoren, berriro ekin diote poteoari trikititxarangarekin tabernetan argazkiak banatzen jarraitzeko.

Bazkaria ere izango dute. 165 lagun elkartu dira barazki azokan eta aparteko giroa izan dute: musika, kupela… Bazkariaren ostean, banatzeko gelditzen zitzaizkien argazkiak banatu dituzte tabernetan. Hala, Oñatiko taberna ia guztiak bete dituzte  aldarrikapenarekin. 

Iluntzerako lau kontzertu antolatu dituzte eta gau aldean DJ-a izango dute Kale Zaharrean jarri duten txosnan. (ARGAZKIAK: Herrira Oñati).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak