Euskaldunen elkarteen Gunea Eguna ospatuko da zapatuan Azkoitian

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 16a

Topagunea euskara elkarteen federazioak antolatu du, euskaldunen elkarteetako kideentzat bilgune izateko helburuarekin; elkarteetako bazkide, militante eta langileei egin zaie parte hartzeko deia, eta gonbidatuta daude Euskal Herri osoko euskaltzaleak ere. Horretarako, egun osoko egitaraua antolatu dute zapaturako Azkoitian. Esperientzien trukea eta jaia izango dira protagonistak. 

Topagunetik adierazi dutenez, topo eta topa egiteko eguna izango da, euskaldunen elkarteen mugimenduko lagunak batu, batzuk besteengandik ikasi eta guztien artean lortzen ari direna ospatzeko eguna. Aukera izango da kultur egitasmo herrikoi arrakastatsuenak ezagutu, aisialdiko ekarpen berrien inguruan gogoeta egin, eta hedabideen artean eredu berri eta interesgarriak trukatzeko. 

25 egitasmo eredugarri

Euskaldunen elkarteetan martxan dauden 25 egitasmo eredugarri aurkeztuko dira. Elkarte horietako eragileek eurek aurkeztutako egitasmoak izango dira, herri edo eskualde jakinetan sortuak eta beste herri batzuetara egokitu eta hedatzeko modukoak. Elkartekideek aukera izango dute bakoitzak egiten duena gainontzekoei erakutsi eta besteenak ezagutzeko. GOIENAk ere parte hartuko du, Kantari-ko esperientziaren berri emanez.

Era berean, euskaldunen elkarteek sortutako materiala ikusgai eta salgai izango da zenbait erakusmahaietan.

Festa

Jai eguna ospatzeko ere baliatuko da Azkoitiko espazio ezberdinak hartuko dituen Gunea Eguna. Adin ezberdinentzako moduko hainbat ekintza izango dira: bazkari herrikoia, musika eta kantua, umeentzako gunea, lagun arteko berriketa, kultur eskaintza...

  • 10:30 Harrera ekitaldia (Oteiza pilotalekuetan)
  • 11:00 25 ideia on eta gehiago / (in)formazio pilulak / Umegunea (Oteiza pilotalekuetan)
  • 13:00 Elkarteen azoka txikia (plazan)
  • 13:00 Kantu Jira (plazatik)
  • 13:00 Sukaldegunea (Kontzejupean)
  • 14:30 Herri bazkaria (plazan)
  • 16:30 Ekitaldia (plazan)
  • 17:00 Erromeria (plazan)
  • 19:00 Txaranga (herrian zehar)

Auzolana

Jai eguna auzolanean antolatutakoa izango da, elkarteetako kideak parte-hartzaile izateaz gain, boluntario izango baitira egun osoko jardueratan zehar. Ekarpen txiki askorekin osatutako egun handia ospatu nahi da maiatzaren 19an Azkoitian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak