Aramaioko Udalak epaitegietara joko du

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 15a

Aramaioko Udalak epaitegietara joko du AHTren lanen ondorioz Arrasaterako errepidea moztu izanak eragin zituen gastuak erreklamatzeko. Urtebete inguru eman behar izan zuten Arrasatera heltzeko auzoz auzo igarotzen, eta bide berria zabaldu zutenetik beste urtebete baino gehiago pasa bada ere, ez dute oraindik orduko hura ahaztu. Kalte-ordainak eskatu zituzten arren, ez dute sosik ere kobratu.

Oraindik ez du datarik ipini, baina Aramaioko Udalak epaitegietan erreklamatuko ditu AHTren lanen ondorioz Arrasate eta Aramaio arteko errepidea moztu izanak eragin zituen eragozpenak. Arabako Foru Aldundiak Untzilla eta Zabola auzoetatik barrena doan errepidea egokitu zuen eta handik bueltan ibili behar izan zuten urtebetean, errepide sare nagusian bide zati berria eraiki bitartean. Arazo hura ahalik eta azkarren konpontzeko lan egitea izan zen Aramaioko Udalaren egiteko nagusia orduan; gestio horiek guztiek 37.000 euro inguruko kostua izan zutela kalkulatzen du eta kopuru hori Adifi, lanak kudeatzen zituen enpresa publikoari, erreklamatu zion.

Erreklamazioei erantzun ez

Baina Udaleko bozeramaile Lierni Altunak azaldu duenez, urtebete pasa ondoren, Adifek zein Sustapen Ministerioak ez diete erantzun ez Udalaren erreklamazioari ezta herritarrek egindako eskaerei ere. Bidaia bakoitza bost kilometro eta 15 minutu pasa luzatu zen eta erabiltzaileek euro bat eskatzen zuten gehiago egin beharreko kilometro bakoitzeko; baina horiek ere ez dute kalte-ordainik jaso oraingoz.

Untzillan eta Zabolan gehiegizko zirkulazioa, edo ez-ohikoa bederen, jasan behar izan zutela-eta, auzune horietako errepideak konpontzeko konpromisoa ere hartu zuten Aldundiak eta Adifek, Lierni Altunak kontatu digunez, baina hori ere egiteke dago oraindik.

Agindutakoak betetzeko faltan, epaitegietara eramango du Aramaioko Udalak esku artean duen borroka, nahiz eta garbi duen ordaintzen dietena, baldin eta egiten badute, "sufritzen dutena baino dezente gutxiago" izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak