'Herrira'-k Auzitegi Konstituzionalean eginiko protestan hainbat oñatiar

Irati Goitia 2012ko maiatzaren 13a

Herrira mugimenduak ekintza "baketsua" egin zuen atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, Madrilen. Hainbat oñatiar izan ziren bertan. 

Guztira 19 lagunek hartu zuten ekintzan parte; bizi osorako zigorrik ez leloa zeramaten kamisetetan. Tartean ziren hainbat oñatiar. Eskutik helduta egon ziren Auzitegi Konstituzionalaren sarreran. Poliziak pertsona bat identifikatu zuen, baina Herrira plataformak jakinarazi du ekintza inolako arazo gabe burutu zutela.

Bertara joandako oñatiarren artean zegoen Nerea Zubia zinegotzia. Ekintzaren amaieran adierazi zuen: "Biziarteko espetxe zigorraren aurkako ekintza egin dugu, uste dugulako zentzugabea dela eta baita eskubide urraketa larria ere. Muturreko egoera hauek gainditzeko herri-gogoa ezinbestekoa izango da; denok bat eginda lortuko du! Horregatik, antolatuko diren ekimen guztietan parte-hartzera animatu nahi dugu jendea".

Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrina berretsi izana salatu nahi izan zuten egin zuten ekintzarekin. Apirilean kaleratutako hainbat epairen bitartez, Auzitegi Konstituzionalak babestu egin zuen Gorenaren 197/2004 doktrina. Guztira, 76 euskal presori ezarri diete Parot doktrina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak