Hamasei erakunde, elkarte eta enpresak Foru Aldundiarekin euskarazko harremana izateko konpromisoa sinatu dute

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 10a

Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak adierazi duenez, “Foru Aldundiak konpromiso sendoa du euskaraz bizitzeko aukerarekin, eta horren aldeko apustu garbia egin du: 2015erako zerbitzu guztiak euskaraz eskainiko ditu, eta euskara laneko hizkuntza bilakatzeko urrats sendoak emango ditu”. Elay, Elkargi, Topagunea eta GOIENA daude konpromisoa izenpetu dutenen artean.

Ildo horretatik, erakundearekin euskara hutsezko harremana izateko aukera eman die Aldundiak gipuzkoarrei, Ogasunaren errenta kanpaina baliatuz horretarako: Foru Aldundiari euskara hutsezko harremana eskatzeko galdera gehitu da errenta aitorpenaren inprimakian. Harremanetarako hizkuntza hautuaz galdetzen duen laukitxoan euskara aukeratuta, aurrerantzean euskara hutsezko harremana izango dute herritarrek Aldundiko departamentu guztiekin.

Gaurko sinatze ekitaldian, Gipuzkoako jendartearen ordezkaritza esanguratsu batek berretsi egin du gipuzkoarrei egindako gonbidapena, eta haiek ere Aldundiarekin euskara hutsezko harremana izateko konpromisoa hartu dute. Hain zuzen ere, honako erakunde, elkarte eta enpresa hauek:

  • Asmoz Fundazioa
  • Banaiz Bagara
  • Codesyntax
  • Elay (Antzuola)
  • Elkargi (Bergaran du bulegoetako bat)
  • Gaztezulo
  • Gipuzkoako Pilota Federazioa
  • Gipuzkoako Surf Federazioa
  • GOIENA Komunikazio Taldea
  • Langune
  • Makina Erremintaren Institutua
  • On Time
  • Susa
  • Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
  • Urtxintxa
  • Real Sociedad Fundazioa

Banaiz Bagara elkartetik, administrazioak euskara hobestearen garrantzia nabarmendu dute: “Herritarrek ikusi behar dute administrazioak ere euskaraz lan egin nahi duela, euskara bultzatzen duela, euskaraz egitea hobesten duela… “.

Real Sociedad Fundazioko ordezkariek euskaraz bizitzeko ahalegina egiten ari direla esan dute: “Realak ere aurrerapausoak eman nahi ditu euskaraz bizitzeko bidean eta, horregatik, bere fundazioak konpromiso hau sinatu du. Euskarak gero eta presentzia handiagoa du Realean, eta poliki-poliki urratsak ematen ari gara”.

Euskara aukeratzeko deia

Bukatzeko, Zigor Etxeburuak euskara aukeratzeko deia egin die gipuzkoarrei: ”Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu nahi diegu herritar guztiei, eta euskaraz bizitzera animatu nahi ditugu. Hori da foru gobernu honen apustua, euskaraz bizitzea; eta herritarrak bidelagun izango ditugu”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak