Egun eguzkitsu eta beroak iragarri dituzte

Irati Goitia 2012ko maiatzaren 9a

Apiril euritsuaren ostean, egun beroak datozkigu hurrengo egunetarako. Termometroa 30 graduren bueltan ibiliko dela iragarri dute.

Apiril hotz eta euritsuaren ostean, 25 eta 30 gradu bitarteko tenperaturak espero ditugu aste honetarako. Aldaketa izugarria izan da eta jendea hasi da armairutik udako arropak ateratzen. Txamarrak gorde eta mahuka motzeko kamisetak janzten.

Ostarte ederrekin argitu du gaur egunak, eta, hala, eguzki giroa gailendu da. Hego ukituko haizea dugu eta tenperatura atseginak, goizean goizetik 20 gradu izan ditugu.

Bihar, antzerako eguraldia izango dugula iragarri du Euskalmetek. Hori bai, aurreratu du tenperaturek beste koska bat egingo dutela gora. Eta hego haizearen eraginez, ordurik epelenetan termometroa zenbait puntutan 30 gradutara iritsiko dela. Beraz, giro eguzkitsuaz goza ahal izango dugu biharkoan ere, batez ere goizean, izan ere, arratsalderako trumoi hodeiak garatu eta leku bakan batzuetan zaparrada trumoitsuak bota ditzake.

Egubakoitzean aldaketa

Egubakoitzean ere egunsenti epela izango dugu, gauean apenas freskatuko baitu. Baina eguerditik aurrera, haizeak iparraldera egin eta giroa aldatzen hasiko da: hodeiak sartuko dira eta zaparradak botatzeko aukera areagotu egingo da. Tenperaturek beherako joera hartuko dute.  Zapatuan, 12 gradura arte jaitsiko dira tenperaturak eta euria ere izango dugu. Baina domekarako eguraldiak hobera egingo duela zehaztu du Pello Zabalak eta antizikloiak egun politak ekarriko dizkigula.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak