John Anduezak 'Larunbatean Bukowskin' aurkeztu du

John Andueza, 'Larunbatean Bukowskin' liburuarekin.

John Anduezaren lehen eleberria da. 15 urteko neska-mutil koadrila baten kronika martxosoa egiten du, eta goizean aurkeztu du Donostian. Adin horretako gazteak liburuan irakurritako pasarteekin identifikatuta sentituko direlakoan, gustura dago egindako lanarekin. "h"-dun John moduan sinatu du, berarentzako bereziak diren beste lan batzuk bezala.

1966an Oregonen –Amerikako Estatu Batuetan– jaio zen John Andueza, Arrasaten bizi izan da txikitatik eta Elgetan du bizitokia egun. Denbora luzez egon da literatura egin gabe, baina ez idatzi gabe, telebistan eta zinean laburrak nahiz dokumentalak egiterakoan gidoiak idatzi egin behar izaten direlako, eta berdin kronikak kazetaritzan. Orain tokatu da, hori bai, idazte prozesu horretan berriz ere literaturari eustea.

Nobelaren generoa aukeratu du, hori delako irakurtzeko gehien gustatzen zaiona Anduezari berari. Larunbatean Bukowskin da bere lehen liburuaren titulua eta 15 urteko neska-mutil koadrila baten kronika martxosoa egiten du, euskaraz.

"Hutsune bat" betetzea helburu

Elgetan sortu zen ideia, gazteei zuzendutako lanen artean, bertan eta euskaraz sortutakoen falta sumatuta. Hasieratik garbi izan du helburua: gazteak identifikatuta sentituko diren liburu bat egin gura izan du, eta lortu duelakoan dago; gustura geratu da emaitzarekin.

Arrasateko urratsak abiapuntu

Kazetari moduan Arrasate Press-en hasia eta bere benetako bokazioa duen telebistagintzan ere lehen urratsak Arrasaten emana, literaturan jarraitzeko gertu dago; literaturan bide bat aurkitu duela dio, nahiz eta telebistara itzultzeko gogoz dagoen eta ez duen baztertzen zinea egitea ere. Batean zein bestean egindako proiektu bereziak moduan, hori bai, "h"-dun John moduan sinatu du Larunbatean Bukowskin.

15 eurotan dago salgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.