1. Gidabaimena 18rekin eta lehenengoan aterako zenuen, ezta?
Bai, urteak bete eta handik astebetera. Teorikoa 16rekin atera nuen, eta ordurako praktikak ondo eginda neuzkan: astelehen baten 18 urte bete, eta hurrengo astelehenean gidabaimena neukan.
2. Ze autorena zen esku artean izan zenuen lehen bolantea?
Ez dut oso ondo oroitzen; Citroën Dyane 6 bat izango zen, etxean geneukan autoa. 5 urte inguru izango nituen, eta seguru aitaren altzoan izango zela...
3. Zer eman zizun Carlos Sainzek?
Haren eskutik Espainiako lasterketak korritzeko aukera izan nuen. Oso urte politak izan ziren, ilusio handikoak; gauza asko ikasi genituen, lagun piloa egin nituen eta oso oroitzapen onak ditut.
4. Zergatik ez da heldu Txus Jaio urrunago?
Horretarako gauza asko behar dira: kalitatea, babesle gogorra edo aita aberatsa, eta zortea. Hiruretako bat ere ez nuen; gauza bat da Espainiako txapelketarako kalitatea izatea, baina munduan aritzeko salto handia dago, eta, seguru jakingo ez dugun arren, ez nuen horretarako mailarik.
5. Zein zirkuitu duzu gustukoen?
Denek dute xarma; denetan daude gune politak eta horrenbestekoak ez direnak. Gustukoa izateko denetik izan behar du: gune azkarrak, motelak, asfalto ona eta txarra...
6. Akatsetatik bezala, istripuetatik ere ikasi egiten da?
Gehiago ikasten da txarto egindakoetatik ondo egindakoetatik baino. Istripuen %90 gidariaren erruz dira. Istripua duzunean gertatutakoa analizatzen duzu, gertatutakoa ikusi, eta saiatzen zara hurrengoan hanka ez sartzen.
7. Auto batera igota kopilotu joan behar duzunean, eroso?
Ez zait gustatzen. Lasterketan inoiz ez naiz kopilotu joan, eta lasterketako autoan inoiz kopilotu joan naizenean ez dut ondo pasatu; konfiantza falta izango da, baina beldurra pasatzen dut. Errepide normaletan, gidaria lasai badoa, berdin dit.
8. Nola sentitzen da bat euskal pilotu txalotu eta mirestuenetakoa izanda?
Pozgarria da; azkenean, gure lana ahalik eta ondoen egiten dugu, eta jendeak ulertu eta txalotu egiten bazaitu, horrek bete egiten nau.
9. Txalotua, mirestua... eta imitatua, esaterako, Finlandia-n.
Umorez hartu behar da. Ni neu nahiko umoretsua naiz eta berdin dit imitatzeak; ondo imitatu nazatela eta listo! Ona da norberaren buruaz barre egitea.
10. Asteburuetan pilotu, astean zehar igeltsero.
Lasterketetan hasi aurretik naiz igeltsero, eta ondo daroat. Politagoa litzateke pilotu izatetik bizi izatea, baina garai hauetan igeltsero moduan badut lana, eta ez nago kexatzeko.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Erantzun erraza du galdera horrek: 20 urteko anaia bat hil zitzaidan duela hamahiru urte auto istripuan, eta horixe aldatuko nuke, bueltan ekarriko nuke".