Lehendakariak hitzarmen bat sinatu zuen BIDekin, bitartekari lanak egiteko finantza erakunde horren eta Latinoamerikan proiektuak gauzatu nahi dituzten euskal enpresen artean. Orain, BIDeko ordezkariek bisita bueltatu dute, eta helburu nagusia da bertatik bertara informazioa jasotzea Eusko Jaurlaritzak enpresen lehiakortasuna bultzatzeko eta sendotzeko martxan jarri dituen instrumentu eta zerbitzuei buruz.
Hala, Lehiakortasun Planaren barruan diseinatutako eta euskal enpresen laguntzarekin egindako pautak ezagutuko dituzte, erreferentzia gisa erabili ahal izateko BIDek finantzatzen dituen herrialde latinoamerikarrek egingo dituzten proiektuetan.
Bost egun horietan, Garapenerako Amerika Arteko Bankuko ordezkariek hainbat bilera egingo dituzte Bernabe Unda Industria sailburuarekin eta Tomás Orbea SPRIko zuzendari nagusiarekin. Teknologi Parkeak ere bisitatuko dituzte. Era berean, EAEko klusterretako arduradunek informazioa emango diete egiten dabiltzan lankidetza politikei buruz. Agenda osatzeko, Innobasque, Elkargi, Innovanet Sarea, Enpresa eta Berrikuntza Zentroak, Tecnalia, Mondragon Korporazioa, Orkestra eta Euskadiko berrikuntza eragileen sarea osatzen duten beste hainbat kide bisitatuko dituzte.