Autobus zerbitzu bereziak egongo dira Mundumirara joateko

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko maiatzaren 7a

Bidaia bakoitza 1,70 euro kostako da eta 0 eta 12 urte arteko umeek dohain izango dute.

Maiatzaren 18tik 20rako asteburuan Mundumira jaialdia izango da Leintza Gatzagan eta Eskoriatzan. Hori horrela, maiatzaren 19an eta 20an autobus zerbitzu bereziak egongo dira Leintz Gatzagara eta Eskoriatzara joateko. Gainera, Mankomunitatetik zerbitzuok erabiltzea gomendatzen dute, autoa etxean lagata, eta gogora ekarri dute ez Leintz Gatzagan ezta Eskoriatzan ere, ez dela aparkatzeko gunerik egokitu.

Autobus zerbitzuari dagokionez, maiztasun handia izango du eta ordutegia helbide hauetan kontsulta daiteke ordutegia: pesa.net, turismodebagoiena.com eta mundumirafesta.com.

1,70 bidaia bakoitza

Prezioari dagokionez, bidaia bakoitza 1,70 euro izango dira –0 eta 12 urte artekoen dohain izango dute–, baina Eskoriatza eta Leintz Gatzaga artekoa salbuespena da; joan-etorria kobratuko dute 1,70 euro.

Gainontzeko bidaiak 1,70 euro kobratuko dituzte eta bidaiaren txartela gordetzea komeni da. Izan ere, Eskoriatzara joateko autobusa hartuz gero eta ondoren Leintz Gatzagara igo nahi izanez gero, ibilbidearen azken zati hori ezer ordaindu gabe egin ahal izango da, gidariari txartela erakutsita. Era berean, Leintz Gatzagan Eskoriatzara jaisteko autobusa hartuz gero, eta ondoren eskualdeko beste herri batera joan nahi izanez gero, txartela gidariari erakutsita bigarren tarte hori ere ezer ordaintzeke egin ahal izango da.

Antolakuntzatik aurreratu dutenez, Mundumirako autobusak behar bezala adierazita egongo dira eta autobusotan ezin izango da txartel bakarra erabili.

Mundumirarako autobus ordutegiak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak