Lasai dihardute jokoan Aloña Mendik eta Bergarak. Bada denboratxo bat mailari eusteko beste puntu eskuratu dituztela, eta presio barik irteten dira zelaira talde bietako jokalariak. Zalantza barik gozamena da hori jokalariendako: "Disfrutatzera irteten gara zelaira", esan digu norgehiagokaren amaieran Bergarako jokalari Lander Ugartek, baina onartzen du ikusleendako ez direla denboraldiko partidurik interesgarrienak.
Berdinketa ordu laurdenerako
Sailkapeneko egoera lasaia izan arren partidu gogorra aurreikusten zuten talde biek, izan ere derbia beti da derbia eta itxura ona eman behar da zaleen aurrean. Hala, bederatzigarren minutuan iritsi da lehenengo gola, etxeko taldeak eginikoa.
Atzean geratzeko arriskua ekidin nahian gogor saiatu dira bergararrak, eta 15. minutuan lortu dute berdinketaren gola. Lander Ugartek egin du. Hortik aurrera ezer gutxi eman du lehiak. Lehenengo zatian erritmo apur bat egon da, baina bigarrenean gutxiago. Amaieran animatu da atzera ere apur bat partidua. Bi txartel hori jaso izanagatik jokalari bat gutxiagorekin egin ditu azken minutuak Bergarak, eta horrek gol aukerak bilatzeko ahalegina eragin du etxeko taldeko jokalariengan. Aloña Mendik pare bat aukera garbi izan ditu, baina ez du zorterik izan eta Bergarako atezaina argi ibili da.