Herrira mugimenduak 'Goazen plazara!' ekimena deitu du hilaren 19rako

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 5a

Presoen eskubideen alde, egun horretan hiri, herri eta auzoetako plazetara ateratzeko deia egin diete herritarrei. Goizean aurkeztu dute egitasmoa, Bilbon, eta atxikimendua eman diote hainbat eragilek.

Presoen aldeko ahaleginean borondateak batzen jarraitzeko eskatu diote gizarteari; eta presoen eskubideak bermatzeko urratsa emateko, gobernuei: "Gaurko honetan, beste behin ere, jarduera eremu desberdinetan lanean dihardugun pertsona askok bat egin dugu euskal preso politikoen eskubideen errespetua eskatzeko. Garai berriotan nabarmena da eskari honen zabaltasuna eta sendotasuna, baina egia da halaber, gobernuak direla presoen eskubideak bermatzeko urratsa beren eskuetan dutenak. Urrats hori egin dezaten eskatzen diegu, jendarte gehiengoaren espektatibei eta bake prozesuaren premiei erantzun baikorra emanez".

Ekitaldia hasteko, joan den asteburuan presoei bisitan zihoazen senide eta lagunek izandako istripuak gaitzetsi dituzte Herrira mugimenduko ordezkariek: "Dispertsioak ondorio larriak ekartzen ditu eta bukatu egin behar dugu sufrimendu horrekin".

Goazen plazara! ekimenarekin bat egin dute, besteak beste, Andere Arriolabengoa –abokatua eta bertsolaria–, Garbiñe Biurrun –epailea–, Ines Osinaga –musikaria–, Markel Irizar –txirrindularia– eta Txerra Bolinaga –abeslaria eta ELEAK mugimenduko kidea– debagoiendarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak