Leintz Eskola Kirolak eta Arrasateko Ointxe! saskibaloi elkarteak antolatu dute txapelketa eta 600 gaztetxo baino gehiago ari dira parte hartzen, hiru kategoria ezberdinetan: benjaminak, alebinak eta infantilak. Kategoria horietako bakoitzean hiru txapelketa ari dira jokatzen: neskena, mutilena eta talde mistoena.
Goiz-eguerdi partean jokatutako neurketen artean, finalak izan dira lau. Benjamin kategoriako finalak izan dira hiru: Arrasate Herri Eskolako Bost onenak taldea izan da nagusi mutilen arteko lehian; Arizmendiko Gazteluondo guneko Palomoideo, nesken artean; eta Aramaioko San Martin herri eskolako Caja Laboral Aramaixo, talde mistoei dagokienean. Azken ikastetxe horretako Aramaixo Basket taldeak alebin mailako talde mistorik onenaren saria eraman du.
Talde irabazleetako kide denei dominak banatu dizkiete eta baloi bat taldeko, entrenatzen jarraitzeko. Irabazi edo ez, hori bai, guztientzako izan dira opariak: kamiseta eta Caja Laboral Baskonia taldearen posterra.