Lana gaur, egubakoitza, aurkeztu badute ere, iazko urte erdi inguruan abiatu zuten, euskal "gizarteak genero indarkeria nola hautematen" zuen jakite aldera. Horrekin batera, azterlanaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan, "emakumeen aurkako indarkeria matxistaren egoeren dimentsio errealetara gerturatu" nahi izan dute, baita herritarrek, bereziki emakumezkoek, segurtasuna nola hautematen duten jaso ere.
2.600 laguneko mostra
Azterketa egiteko, inkestak egin dizkiete telefono bidez Euskal Autonomia Erkidegoko 2.600 laguni: 16 urtetik gorakoak denak, horietatik 1.340 emakumezkoak eta 1.260 gizonezkoak –bi sexuetako 435 gazte barne–; eta galdeketa hori lau hilabetez martxan egon den blog batekin osatu dute.
Lanak emandako emaitza esanguratsu moduan, Serranok azpimarratu du galdetegia erantzun zuten pertsonen % 98,1ek azken urteetan gora egiten ari den "garrantzi nagusiko arazo sozialtzat" jo zutela genero indarkeria, "nahiko edo oso larritzat". Horri gehitu dio galdetutakoen ia % 10ek esan dutela jakin badakitela edo susmatzen dutela "inguruan tratu txarren egoeraren bat" gertatu dela; eta emakumeei dagokienez, esan du % 12,5ek "indarkeria egoera zuzenak pairatu izana" aitortu dutela, batez ere psikologikoki.
Segurtasuna
Segurtasunari dagokionez, galdetutako hamar pertsonetatik ia bederatzik "nahiko edo oso segurutzat" jo dute euren ingurua. Emakumeen % 31k, aldiz, adierazi dute "ez direla seguru sentitzen gauez bakarrik daudenean"; datu hori atal berean gizonezkoek emandako erantzunen bikoitza baino handiagoa da, eta sexuen arteko aldeak are nabarmenagoak dira populazio gaztearen kasuan.
Genero indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren iritziz, "inkestaren emaitzak agerrarazi du emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurre egiteko lanean jarraitu behar dela, herritarrak –bereziki gazteak– sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekintzekin, nahiz biktimei arreta eta babesa emateko neurri zehatzekin".