Markel Olano: "Foru Aldundia errespetua faltatzen ari zaie gipuzkoarrei eta Batzar Nagusiei"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 4a

Markel Olanoren iritziz, "Gipuzkoan politika arazo larria dago, Bilduren aginteko Foru Aldundiak urtebete igaro ondoren ez duelako gobernu-programa aurkeztu, nahiz eta Foru Arau batek derrigortzen duen". Bere ustez, Batzar Nagusiei zein gipuzkoarrei "errespetua faltatzen aritzea" da hori eta, horregatik, iragarri du EAJk gobernu-programari buruzko osoko bilkura egitera behartuko duela.

Goizean egin dituzte adierazpenok Markel Olanok – EAJren bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan– eta Eider Mendozak –batzarkide jeltzalea–.

Olanok azaldu duenez, hiru aldiz eskatu diote Martin Garitanori gobernu-egitasmoa aurkezteko, baina ez die kasurik egin eta, horrenbestez, "muturreko erabakia" hartu dute: "Gehienez 15 egun barru, Aldundia Batzar Nagusietan gobernu-programari buruzko osoko bilkura monografikoa egitera behartuko dugu". EAJren eledunak azaldu duenez, Batzar Nagusietako araudiak ematen duen aukera da, bi taldek eskatu dezakete eta, dagoeneko, badute babesa.

Era berean, Markel Olanok segidakoa azpimarratu du: "Nazkatuta gaude Aldundiak etengabe herritarrei zein Gipuzkoako Batzar Nagusiei egiten dizkien errespetu faltekin. Eta, beraz, baldin eta salaketa publikoa egiteak balio ez badu, muturreko neurriak hartu behar izan ditugu; alabaina, Gipuzkoan politika arazo larria dugu".

"Martin Garitanok ez du ekimen propiorik, ez oposizioak aurkeztutako eta onartutako ekimenak betetzeko asmorik" salatu du jeltzaleen bozeramaileak, eta ondokoa gaineratu: "Lehengo legealdian gobernuak kudeaketa plangintza zehatza zuen eta, hain zuzen, Batzar Nagusietan eztabaidatua eta oposizioko alderdien proposamenak barneratuta zituen, lurraldeko erronkei aurre egiteko. Baina aitzitik, egungo gobernuaren ezaugarriak norabide eta plangintza eza dira eta, horrela, Gipuzkoak ez dio krisialdiari aurre egingo".

PSE-EEren kritika Aldundiari eta EAJri

EAJko ordezkarien ildo beretik hitz egin du Rafaela Romero sozialistak ere: "Penagarria da ez ezagutzea Bilduren gobernu-programa legealdiaren ia laurden bat igaro denean. Martin Garitanoren Aldundia ahula eta norabiderik gabea da, eta inprobisazioz jokatzen ari dira".

Baina Bildu bakarrik ez, sozialistek jeltzaleak ere kritikatu dituzte: "Tamalgarria da EAJk 2012ko Gipuzkoako aurrekontuak aurrera ateratzeko babesa eman izana, atzean programa koherente bat ez zutela jakinda".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak