Euskadiko nekazaritzako produktuak protagonista izango dira Eusko Jaurlaritzak antolatutako sukaldaritzako ekintza horretan. "Euskadiko sukaldaritzarekin eta bertako lehengaiak omentzen dituen euskal elikagaien industriarekin hitzordua da, gaur egun erreferente baitira nazioa zein nazioartean", esan du Nekazaritza Sailak, antolatzaileak.
Euskadiko produktuari lotutako ekintza ugari egingo dira aste osoan zehar Madrilgo hainbat lekutan.
Astelehenean, hilak 7, hainbat eskola arteko jardunaldi gastronomikoekin hasiko dute Astea. Gamarrako Ostalaritza eta Turismo eskolak sukaldaritzako erakustaldia egingo du zuzenean, Madrilgo Ostalaritza eta Turismoko Goi Eskolaren laguntzarekin, etorkizuneko profesionalei Euskadiko produktuak aurkeztuz. Madrilgo Eskolako ikasleek Euskadiko kalitatezko produktuak ikusi, ezagutu eta dastatzeko aukera izango dute.
Bigarren egunean, maiatzaren 8an, dastatze artistikoa egingo da Madrilgo Círculo de Bellas Arteseko Valle Inclán Aretoan. Mikel Garaizabal enologo eta sumillerrak eta bere taldeak Arabako Errioxako ardoak, txakolinak, Eusko Labeldun sagardo naturala eta patxarana erakutsiko dizkiete gonbidatuei.
Euskadiko Produktuaren Madrilgo Astearen erdialdean, Idiazabal Jatorri Deiturako Artzain Gazten dastatzea izango da Cheese Bar jatetxean.
Maiatzaren 10ean, eguena, azken jardunaldi gastronomikoa izango da Artxandako Ostalaritzako Goi Eskolarekin (Bilbo) eta Alcalá de Henareseko Ostalaritza eta Turismo Eskolarekin. Hainbat sukaldaritza-erakustaldi egingo dituzte.
Aste osoan, Euskadiko produktuak Madrilgo hainbat lekutan erakutsiko dituzte, izan ere, hainbat jatetxe eta gourmet dendak egin dute bat ekintza horrekin.