Mikel Aranburuk futbola utziko du

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko maiatzaren 3a

Agur esateko ordua dela iritzita, denboraldiaren amaieran futbola utziko duela iragarri du gaur Mikel Aranburuk (Azpeitia, 1979, otsailak 18). Honenbestez, betiko taldea, betiko kluba, betiko koloreak utzi ditu. Azkeneko partidua Valentziaren aurka jokatuko du, Anoetan, maiatzaren 12an. Hedabideen aurrean gaur arratsaldean agertu da Zubietan, agurraren berri emateko. Realaren webgunean jarri dute bideo hau.

 

Aranbururi aurten amaitzen zitzaion Realarekin kontratua, baina luzatzeko aukera zuen, klubak eskaini zion-eta luzatzea. Baina, "nahikoa" esan, eta futbol profesionala uztea erabaki du. Taldekideak ondoan zituela eman du berria.

Erabakia prozesu luze baten ostean hartu duela esan du. Mila buelta eman dizkiola, baina azkenaldian geroago eta garbiago zuela futbola utziko zuela.

Montanier entrenatzaileak Aranbururekin kontatu du aurten ere. Halere, Aranburuk uste du jokalari gazte asko daudela gaur egun Realean eta haiei paso eman behar zaizkiela. Hortaz, bai norberarendako eta baita klubarendako ere, erabakirik onena hartu duela esan du. Gainera, esan du, aurten "uste baino gehiago" jokatu duela.

Reala lehen mailan utzi izanagatik, gainera, pozik azaldu da. Goreneko mailan eta sasoiko. Izan ere, azkenaldian ez du aparteko lesio larririk izan eta maila tekniko eta fisiko handia erakutsi du azkeneko partiduetan ere. 33 urterekin, gazte, hartuko du erretiroa.

425 partidu Realarekin

Gazte mailan heldu zen Zubietara, Azpeitiko Lagun Onak taldetik. 424 partidu jokatu ditu elastiko txuri-urdinarekin. 14 denboraldi lehen taldearekin, gehienak lehen mailan. 1997ko ekainaren 22an egin zuen debuta Anoetan, Logroñesen aurka.

Aranburu, Realarekin Ligako txapelketan bigarren geratu zen talde hartako jokalari garrantzitsuenetakoa izan zen, atzo Real Madrilekin txapelketa lortu zuen Xabi Alonsorekin bikote bikaina osatuz erdian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak