Renfeko txartelak Lurraldebusekin erosi ahal izango dira

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko maiatzaren 3a

Astelehenean, maiatzaren 7an, sartuko da indarrean erabakia, beti ere txartela leihatiletan erosiz gero. Uztailaren 1etik aurrera, salmenta makinetan ere erabili ahal izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko errepideetako garraio eskumena duen aldetik eta Renfek tren zerbitzu batzuena duen aldetik, hitzarmena sinatu zuten aurtengo otsailaren 20an. Izan ere, bi erakundeek herritarren mugikortasuna bermatuko duten ekimenak bultzatu nahi dituzte, eta horrek esfortzu bat eskatzen duela jakitun dira. Aurre egin beharreko erronka horien artean garrantzitsuenetako bat tarifa marko bateratua lortzea da, txartel bakarrarekin herrialdeko hainbat garraiobidetan ibili ahal izateko, herritarrek garraiobideetan tratamendu bera izan dezaten eta mugikortasunaren arloan lan egiten duten erakunde eta eragileen artean elkarlana lortzeko.

Makinetan ere bai

Otsailean sinatutako hitzarmena lehen urratsa da bide horretan, eta ondorioz, maiatzaren 7tik aurrera, astelehenetik aurrera, Renfeko leihatiletan Lurraldebus txartela erabili ahal izango da ordainketa modu gisa, aldiriko trenetan, eta uztailaren 1etik aurrera salmenta makinetan. Hau da, Lurraldebus txartelarekin ordaindu ahal izango dute bidaiariek, dirurik erabili behar izanik gabe. Ondoren, uztailaren 1etik aurrera makinetan ere erabili ahal izango da txartela. Sistema honen bidez txartel arruntaz eta joan-etorriko txartelaz gain, hileko bonoa ere erosi ahal izango da. Hitzarmen honetatik kanpo geratu dira talde berezien Lurraldebus txartelak.

Tarifa bateratuak 2013an

Erabiltzaileek Renferen tarifen arabera ordainduko dute, tarifa bateratuak tarifen integrazioarekin lortuko baitira 2013an. Lurraldebus txartelaren bidez ordaindutakoa gerora Aldundiak ordainduko dio Renferi; konpentsaziorako kalkuluak hilero egingo dira eta Aldundiak hilero ordainduko du.

Gipuzkoako Foru Aldundia gogor ari da lanean 2013an txartel bakarra errealitate izan dadin, herritarrek Gipuzkoako garraiobide publiko guztietan (autobusetan, Eusko Trenen eta Renfen) txartel bakarra erabilita bidaiatu ahal izateko eta garraiobide bat baino gehiago erabiltzerakoan garraio aldaketak abantaila ekonomikoetan egiteko. Hori lortzeko lanketa teknikoa ez da erraza eta hilabete batzuk joango dira, baina bitartean norabide horretan urratsak ematen ari da Aldundia hainbat erakunderekin elkar lanean. Renferekin egindakoa urrats bat da zentzu horretan, herritarrek gero eta aukera handiagoa izan ditzaten garraio publikoa erabiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak