Lagin horretan zeuden Debagoieneko hiru tarte: Soraluze-Bergara, Eskoriatza-Aretxabaleta eta Antzuola-Bergara. Bilduko agintariek bultzada berria eman nahi diete bidegorriei, eta, batez ere, egunero leku batetik bestera mugitzeko aukera gisa promozionatu eta ahalbidetu nahi dute: eguneroko beharretarako, lanera edo eskolara joateko… bidegorriak erabil daitezen nahi du. Oraindik horretarako erabiltzea ez da joera nagusia.
2011ko memoriak datu hauek ematen ditu: Bizikleta Bideen Foru Sareko bideetan, 3.400.000 joan-etorri inguru egin zituzten herritarrek iaz; horietatik hiru laurdenak (2,5 milioi) oinez, eta beste laurdenak, bizikletaz. Bi erabilera motak handitu ziren baina, aurreko urteetan ez bezala, bizikletako erabilera oinezkoa baino gehiago hazi zen. "Horrek erakusten du gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dela, pixkanaka", esaten du Behatokiak. Zehazki, 2010ean baino %15 erabiltzaile gehiago izan zituzten bidegorriek; txirrindulariak %16 gehiago izan ziren, eta oinezkoak, %14 gehiago.

Bizikletaz egindako 10 bidaiatik sei aisialdirako edo kirolerako ziren, eta beste lauak, "derrigorrezko mugikortasunak eragindakoak, hau da, lana, ikasketak edo gestioak direla-eta eginak", esaten du txostenak. Oinezkoen artean, kopuru hori askoz txikiagoa da: bidaien %6 bakarrik izan ziren arrazoi horiengatik egindakoak.
Hain zuzen, bidegorriak lanera joateko ere erabil daitezen laguntzeko, Mugikortasuneko Departamentuak plan pilotu bat egiteko asmoa du, eta horretarako aukeratutako tramu bat Arrasate-Eskoriatza da. Mugikortasuneko Departamentuaren esanetan, enpresa bat azterketa egiten dabil eta, oraindik ez dutenez bukatu, ezin da asmo zehatzagorik aurreratu.
Erabiliena, Soraluze-Bergara
Iazko memoria egiteko ebaluatu diren 16 tramuak gehien erabiltzen direnetatik gutxien erabiltzen direnetara sailkatu ditu Bizikerrek. Aintzat hartutako Debagoieneko hiru tramuek antzera erabili ziren iaz: bizikletaz egindako bidaiak Gipuzkoako batez bestekoaren (bidaien %25) azpitik daude, eta, ondorioz, oinezkoena, batez bestekotik gora. Bestalde, zenbat erabiltzaile izan dituen hartuta, Gipuzkoako 16 tramuak lau multzotan banatzen ditu memoriak. Gehien erabiltzen direnen multzoan ez dago Debagoieneko bat ere. Debagoienean, iaz tramu erabiliena Soraluze-Bergara izan zen: 228.739 erabiltzaile izan zituen, horietatik %82, oinezkoak. Bigarrena Eskoriatza-Aretxabaleta izan zen, inauguratu zenetik, maiatzetik, 142.121 bidaiarirekin (%77, oinezkoak); eta Gipuzkoako 16 tramuetatik gutxien erabili zena Antzuola-Bergara izan zen, 58.322 erabiltzailerekin (%84, oinezkoak).
Txirrindularien eta oinez dabiltzanen arteko proportzioa bestelakoa da beste tramu batzuetan: hala, Endarlatsako tramuan, txirrindulariak izan ziren bidaiarien %60; Tolosa-Alegian, %41; Astigarraga-Martutenen eta Zumarraga-Azkoitian, %36. Edozein modutan, "txirrindulari proportzioak gora egin du bide gehienetan 2008ko urteaz geroztik; orduan txirrindulariak %22 ziren, 2011n baino hiru puntu gutxiago, hain zuzen", azpimarratzen du memoriak. Aipatzen du, ere, bide-tarte batzuk mistoak direla, eta motordun ibilgailuekin konpartitzen dutela espazioa.

Urteko sasoiaren arabera, asko aldatu da bateko edo besteko erabiltzaileen proportzioa: hala, txirrindulari gehien apiriletik urrira izan ziren, eta gehien, abuztuan (%33).
Bizikletaz, %39 gehiago
Aztertutako tramu bakoitzaren gaineko datuak ematen ditu Bizikletaren Behatokiak.
Soraluze-Mekolalde (Bergara) bideak "oso eginkizun garrantzitsua betetzen du Soraluzeko herrigunearen eremu berde gisa", eta "herritar askok erabiltzen dute paseorako". Berezitasun bat: "bide gehienetan ez bezala, lanegunetan handiagoa da erabilera". Egunean 600 erabiltzaile izan zituen iaz.
Orain dela gutxi Mekolaldera luzatu izanak "lanagatiko bizikleta-erabilera bultzatu" duela esaten du Behatokiak. "2010ean egindako asfaltatze eta argiztatze lanek ere eragin positiboa izan dute", gaineratzen du.
Iaz %9 bidaia gehiago izan ziren tramu horretan 2010ean baino. Gainera, bizikletazko %39 bidaia gehiago izan ziren; oinezkoak, %5 gehiago. Eguneroko txirrindulariak %21 dira; %12 lanagatik eta %9 gestioengatik.
Eskoriatza-Aretxabaleta tramuak 3 kilometro ditu, eta 500 inguru erabiltzaile egunean. Batez ere aisialdirako erabiltzen da; baina, Mugikortasuneko Departamentuak azpimarratzen duenez, "potentzial handia du" lanera eta eskolara joan-etorriak egiteko.
Iaz, 142.000 bidaia izan ziren tramu horretan; %77, oinez. Eguneroko txirrindulariak %15 dira (%9 lanagatik, %2 ikasketengatik eta %4 gestioengatik).
Azkenik, Antzuola-Bergara tramua baloratzen du Bizikletaren Behatokiak. 1,5 kilometro luze da, eta Antzuolako herrigunea eta Matz Errekako industrialdea lotzen ditu. "Antzuolako hainbat oinezko eta txirrindulari joaten dira bertara egunero lanera", esaten du txostenak. Bideak Uzarragara jarraitzen du. Txostenak faltan igartzen du "Bergarako herrigunearekin lotzea"; lan hori egiteko dago.
Iaz egindako bidaia guztietatik (58.000) gehienak (%84) oinez izan ziren, baina "bizikletak gero eta presentzia handiagoa" duela nabarmentzen du Behatokiak.
"Ondo" edo "oso ondo"
Gipuzkoako bidegorriak erabili zituzten 276 txirrindulariri galdetuta, %87k "ondo" edo "oso ondo" baloratu zuten sarea, eta %7k defektuak aipatu zituzten. Hala, %19k bidea hobeto konektatu beharra ikusi zuten; %9 txirrindulariek eta oinezkoek edo animaliek batera erabiltzeak sortutako arazoez kexu ziren; eta %5ek garbitasun edo mantenu gabeziak aipatu zituzten.
Unai Erroitzenea, Mugikortasun zuzendaria

"Bidegorrien mantenuan ere aurrezteko modua topatu dugu"
Bilduk Aldundiko departamentuak moldatu ditu, eta bidegorriak Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuaren mende daude orain. Unai Erroitzenea da bidegorrien arduraduna.
Ze garrantzi ematen diezue bidegorriei?
Aldundiarentzat bidegorriak mugikortasun arloko elementu garrantzitsua dira. Horregatik, bidegorriak eraikitzeari lehentasuna emango dio. Krisia larria da, Aldundiaren egoera ekonomikoa txarra, baina erakunde honek argi du beste eredu bat bultzatzeko garaia dela, eta bidegorriak eredu horren osagai dira.
Zertarako erabili nahi dira bidegorriak?
Bizikleta gehiago erabiltzeko tresna egokiak eman behar dizkiegu herritarrei eta horien artean garrantzitsuena egunero lantokira, ikastetxera, kiroldegira… joan ahal izateko bidegorriak egitea da. Azpimarratzekoa da ere bidegorrien mantenuan eta aurrezteko bidea topatu dugula, Bide Azpiegitura Departamentuaren bidez egingo baita, errepideak artatzen dituzten bezalaxe.