Banakako orientazioa emango die Lanbidek 92.000 laguni aurten

Leire Kortabarria 2012ko maiatzaren 3a

Banan-banako arretarekin, 92.000 lan-eskatzaile atenditu nahi ditu aurten Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak. Bereziki, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenak atenditu nahi dituzte, txoke-plan batekin. "Orientazioa da Lanbideren izaera-ikurra", esan du gaur Enplegu sailburuak, Gemma Zabaletak, Lanbideko arduradunek egin duten prentsaurrekoan.

"Estatuan aitzindaria" da banan-banakako orientazio modu hori, Lanbideko arduradunen hitzetan. Langabeak zein "enplegagarritasuna hobetu nahi" dutenak atenditu nahi ditu Lanbidek banaka, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako bulegoetan dituen orientatzaileen bidez.

Lan-eskatzaile gisa izena ematen laguntzeaz gain, "Euskal Enplegu Zerbitzuko langile espezializatuek lan-eskatzailearekin batera egingo dute haren enplegagarritasunaren diagnostikoa eta lan-merkatuan sartzeko benetako aukerak lortzeko ekintzen ibilbide pertsonalizatua", azaldu dute Gemma Zabaleta sailburuak eta Lanbideko Lan Aktibazioko Zuzendariak, Mariano Cortesek.

Dirulaguntza jasotzen duten 43.000 lagun

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen dutenak lanera bideratzea lehentasun gisa jo dute Enplegu arduradunek. "Txoke-plan pertsonalizatua" egin dute, eta 2013ko bigarren hiruhilekoan bukatuko da hori, DBE jasotzen duten guztiak orientatuta: denetara, 43.000 lagun baino gehiago. Horietatik gehienak (%70) Bizkaian bizi dira; %17, Gipuzkoan, eta %13, Araban.

DBEren onuradunak lanera bideratzeko prozesua joan den abenduan hasi zen, DBE Eusko Jaurlaritza kudeatzen hasi zenetik. 2012ko lehenengo hiruhilekoan, Lanbideko orientatzaileek 6.804 onuradunekin "hasi dituzte enplegagarritasun-prozesuak", azaldu dute Zabaletak eta Cortesek. 43.000 lagun horiek orientatzea "Lanbideren proiektu anbiziodunenetako bat" dela azaldu du Enplegu sailburuak.

Banan-banako orientazio zerbitzua Lanbiden izena emanda dagoen edozeinendako izango da aukeran, ez bakarrik DBE jasotzen dutenendako. Ibilbide pertsonalizatua eginda, lan-eskatzaileek "Lanbideren baliabideak erabiltzeko aukera izango dute, hala nola lan-bitartekaritza, formazioa eta, lana topatzeko zailtasun handiagoak dituztenen kasuan, ibilbide osoan zehar laguntasuna jasotzeko aukera".

Abendura arte, eredu berri horrekin 92.479 lan-eskatzaile orientatu nahi ditu Lanbidek; horietatik %56,29 Bizkaian, %28,38 Gipuzkoan eta %15,33 Araban.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak