"Bergaran bizi eta Donostian lan egiten duenak 93 euro uzten ditu hilero autopistan, Tolosan bizi denak batere ez"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 3a

Errepideen egoera ezagutarazteko eta finantziazio sistemari buruzko gogoeta bultzatzeko kanpaina abiatu du Diputazioak. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek foru erakundera iritsi bezain laster heldu zioten errepideen finantziazioaren gaiari, "betidanik eztabaida sakonak eragin" dituelako gizartean. Horretarako, hainbat bide jarri ditu martxan: gogoeta saioak, alkateekin bilerak eta esku-orria.

Batetik, Batzar Nagusietan ponentzia eratu da errepideen finantziazioari buruz hitz egiteko. Bertan, herritarrek ere parte hartzeko aukera izan dute orain arteko saioetan, eta irekitzear den gogoeta fasean Internet bidez ere parte hartzeko aukera emango zaio jendeari.

Bestetik, Gipuzkoako hainbat herritako alkateekin bilerak egin ditu Aldundiak, errepideen egoera azaltzeko eta Foru Aldundiaren planteamendua ezagutarazteko, eta era horretako bilera gehiago egiten jarraituko du.

Esku-orria

Horrez gain, esku-orri bat kaleratu du, jendeari zuzenean egoeraren eta planteamenduen berri emateko. Aldundiak Gipuzkoako etxe denetara helaraziko du esku-orri hori.

Esku-orri horren bidez, lau arlo azaltzen ditu Aldundiak:

Gaur egungo egoera

1.330 kilometro errepide daude Gipuzkoan, eta 1997tik 2.500 milioi euro inbertitu dira errepideak egiteko. Aldundiaren esanetan, ordea, "errepideen kontserbazioan inbertitu beharrekoa ez da era berean handitu eta, ondorioz, defizit historikoa 140 milioikoa da". Era berean, Aldunditik diote Bidegik "900 milioi euroko zorra" duela gaur egun eta zor hori "2032ra artekoa" dela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak tentuz jokatzeko garaia dela aldarrikatu nahi du: "Ez da proiektu handiak egiteko ordua, aukera guztiak aztertu eta egokienak ongi aukeratzekoa baizik".

Gaur egungo finantziazioa

Gaur egun, bi sistemen bidez finantzatzen dira errepideak: Foru Aldundiaren aurrekontuen bidez, hau da, %100 gipuzkoarren diruarekin; edo bidesarien bidez. Azken horien gainean Aldunditik diote gipuzkoarren arteko desoreka eragiten dutela:  "Gipuzkoarrentzat deskontu handiak dauden arren, autopisten inguruan bizi edo lan egiten duten herritarrek horiek hartzea beste aukerarik ez dute eta, askotan, dirutza utzi behar izaten dute. Bergaran bizi eta Donostian lan egiten duen pertsona batek, deskontu guztiak aplikatuta ere, 93 euro uzten ditu hilero autopistan; Hernanin bizi eta Zarautzen lan egiten duen norbaitek, 23; eta Tolosan bizi eta Donostian lan egiten duen batek ez du ordainsarietan ezer ordaintzen".

Ezinbesteko lanak

Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Departamentuaren ustez, hainbat lan egitea ezinbestekoa da mugikortasunaren ikuspegitik: 1.330 kilometro errepide mantentzea, ezinbesteko proiektu berriak eta egokitzapenak egitea, mantentze zerbitzu berezia bermatzea (hau da, neguko zaintza, istripuak…), garraio publiko sistema egokia bultzatzea, Lurraldebus, txartel bakarra sustatzea…, baina dio 2012. urtean Departamentuaren aurrekontua 96 milioiko dela eta bidesarien bidez 102 milioi lortu direla, baina mantenurako eta ezinbesteko lanak egiteko 280 inguru beharko liratekeela.

Finantziazio sistema egokia

Aldundiaren iritziz, ezinbestekoa da "finantziazio sistema bidezkoenaren alde" egitea, eta lau galdera planteatzen ditu: "Erabiltzaile gipuzkoarren arteko oreka bilatu behar du sistemak? Gipuzkoarrek ez ezik, bertatik pasatzen direnek ere ordaindu behar dituzte errepideak? Kontuan hartuta erabiltzaile guztiek kutsatzen dugula, gastua denen artean konpartituko duen sistema da egokiena? Kalitatezko garraio publiko merkea eta errepideen egoera ona bermatu behar ditu?".

Aldundiaren ustez, galdera horiei baietz erantzungo dien sistema izango da "egokiena", eta hori bilatzeko lan egingo du. Hori zehazteko urratsak ematen ari da; bitartean, gaiari buruzko gogoeta egitera bultzatu nahi ditu herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak