Etxebizitza galdu dutenei alokairuko etxea eskainiko die Jaurlaritzak, "lehenbailehen"

Leire Kortabarria 2012ko maiatzaren 2a

Eusko Jaurlaritzak lehenbailehen eskainiko die babestutako alokairuko etxebizitza bat hipoteka-exekuzioaren ondorioz ohiko bizilekua galdu eta baztertuta geratzeko arrisku larrian dauden pertsonei. Etxebizitza babestua den kasuetan, Jaurlaritzak etxebizitza erosiko du, zorra kitatuko du. Horren guztiaren berri eman dute gaur Idoia Mendiak, Justizia sailburuak; Iñaki Arriolak, Etxebizitza sailburuak; eta Ana Colliak, Kontsumobideko zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkariek prentsaurrekoan jakinarazi dute gaur larregi zorpetutako familiei laguntzeko zerbitzua abian dela, etxebizitza galtzeko edo baztertuta geratzeko familiei "bigarren aukera bat" eskaintzeko helburuarekin.

Esandako abantailez gain, bitartekaritza-zerbitzu publiko eta doakoa martxan jarri dela esan dute Mendiak, Arriolak eta Colliak. Honen egitekoa hauxe izango da: familien gainzorpetzearen arazoa jorratzea, eta bitartekaritzaren bidez ziurtatzea zorra kitatzeko ahalik eta baldintzarik onenak izango dituztela.

Honez gain, Kontsumobidek, hipoteka-mailegua kontratatzera doan kontsumiltzailearen egoera ebaluatuko du, hipotekarik egokiena kontrata dezan.

Zerbitzua azaltzen duten eskuorriak egin ditu Justizia Sailak, eta horiek jaitsi daitezke Irekia informazio zerbitzuaren webgunetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak