Arantzazuko ingurunea ezagutzeko mendi ibilaldiak

Irati Goitia 2012ko apirilaren 29a

Arantzazuko Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak 2012 urterako mendi txangoak antolatu dituzte eta maiatzaren 6an egingo dute lehengo irteera: Uraren ibilbidea-Orkatzategi.

Arantzazun natura aisialdia indartzeko helburuarekin, ibilbide gidatuak antolatu dituzte Arantzazuko Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak. Bi erakunde horien elkarlanarekin lortu nahi dena da garapen turistikoa bultzatzea eta Aizkorri-Aratzeko Parke Naturala ezagutzera ematea. Egitasmoa Arantzazuko ingurunera hurbiltzen den bisitari eta naturaren maitale orori dago zuzendua.

Bost ibilbide

Programa bost mendi ibilbidek osatzen dute. Txango bakoitzean parkeko ondare kultural, historiko eta naturalari loturiko gaiak landuko dira. Hala, ibilaldiek izaera ludiko eta informatiboa izango dute.

Txangoak gauzatu aurretik, hauei buruzko datu orokorrak argitaratuko dira; hala nola: distantzia, iraupena, malda, zailtasun maila eta interesguneak zehaztuko dituen topogida labur bat. Informazio guztia honako helbidean aurki daiteke: www.gipuzkoamendizmendi.net.

Ibilbideak domeketan izango dira eta goiz osoko iraupena izango dute (lau edo bost ordu inguru). Txango guztietarako salneurri bera finkatu da: helduak hiru euro eta bi euro (6-12 urte).

Interesatuek Arantzazuko Parketxean eman dezakete izena telefonoz deituta edo email bidez.

Lehen txangoa maiatzaren 6an

Maiatzaren seian, domeka, egingo da lehenengo txangoa. Ibilaldiari 9:00etan emango zaio hasiera Urtiagainetik. Lehenik, Araotz auzoan kokatzen den Haitzulo kobazulora joango dira eta handik Orkatzategiko gainera. Panoramika ederrez gozatzeko aukera izango dute bertan animatzen direnek. Ondoren, ubidearen pistari jarraituz, Santa Krutzeko ermitara abiatuko dira. Azkenik, Araotz auzoan emango diote txangoari amaiera. Aurretik, baina, Lope de Agirre jaio zen baserria ezagutzeko aukera izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak