Rodriguezek azpimarratu du babespeko adingabe horien "interes gorena lehenetsiz" hartu dutela erabakia eta "baliabide publikoak kudeatzerakoan izan behar den erantzukizuna betez". Horregatik, haur eta nerabe horiek beste etxe batzuetara aldatzea erabaki du, "haur eta gazteen babeserako sarean ari diren kudeatzaile kaudimendunen ardurapean jartzearren".
Zorrak langileekin, Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin
Gizarte Politikako diputatuak azaldu du Foru Aldundiak ikuskapen prozesu bat jarri zuela martxan joan zen urteko azaroan eta horrek azaleratu zuela Bide Berri enpresak (Arrasate, Tolosa, Urretxu, Bergara eta Donostiako bost etxebizitza kudeatzen zituenak) diru zorrak zituela bere langileekin, Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin. Enpresa hori, uneotan, hartzekodunen konkurtsoan murgilduta dago, administratzaile konkurtsal baten gainbegiratupean.
Egoera horrek kontratua haustera eraman zuen Aldundia: "Aldundiak erabaki zuen Bide Berrirekin zuen kontratua haustea, eta kaudimen egiaztatua duten bi entitate aurkitu zituen, afektatutako adingabeen heziketarekin jarraitzeko eta Bide Berriko 54 langile beren gain hartzeko prest zeudenak, nahiz eta ez subrogatu Bide Berriren zorra bere gain hartu behar ez izateko".
"ELAk akordioari uko"
Ildo horretan, eskaintza laboral bat egin zitzaien langileei baina ELAk uko egin zion, Rodriguezek dioenez: "Eskaini genien lanpostu guztiak mantentzea, hitzarmen kolektiboa aplikatzea eta langile denen antzinatasuna errekonozitzea, horren trukean langile jakin batzuek Bide Berrin zituzten plus arbitrario eta hitzarmenetik kanpoko batzuei uko eginez. ELA sindikatuak, ordea, uko egin zion akordio aukera horri eta, ondorioz, babes-sarean libre zeuden plazetan kokatu ditu adingabeak Foru Aldundiak".