Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak jakinarazi duenez, plan bat abiatuko du "terrorismo delituak egin dituzten presoak birgizarteratzeko". Parte hartu ahal izateko, presoak "argi eta jendaurrean" erakutsi beharko du indarkeriari uko egin diola eta "erakunde kriminaleko" kide izateari utzi diola. Hori derrigorrezko baldintza izango da, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak azaldu duenez.
Ondoren, eta planean aurreikusitako beste neurri batzuk jaso ahal izateko —Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea, adibidez—, "legezko beste betebehar batzuk" exijituko zaizkie presoei: biktimei barkamena eskatzea, kaltea konpontzea eta agintariekin kolaboratzea, besteak beste.
'Langraizko bidea'
Barne Ministerioak jakinarazitakoaren arabera, Langraizko bidea deiturikoa da programaren oinarria: "Helburua da zigortuak ardura bere gain hartzea, indarkeria praktikatzera eraman zuten ideiak gainditzea, eta herritarren askatasunarekiko eta bizitzarekiko errespetua eta gizalegezko balioak bereganatzea". Programan parte hartzea erabakitzen duten presoek eskolak jasoko dituzte bizikidetzarako balioen inguruan, eta lana aurkitzeko laguntza jasoko dute, aske geratzen direnerako.
Barne Ministerioaren programa txalotu dute, besteak beste, EAJ, PSE, eta NaBaik; ezker abertzaleak, berriz, ez du begi onez ikusi.