Gaur da Maiatzaren 1a, Langileen Nazioarteko Eguna, eta sindikatuek dagoeneko egin dituzte egun hori aldarrikatzeko deialdiak. LABek bailarako manifestazioa deitu du, ohi bezala, Eibarren, eta 12:00etan abiatuko da Untzaga plazatik.
Hain justu, joan zen astean Arrasaten egindako prentsaurrekoan egin zuen deialdi hori. Maiatzaren lehena, lotu borrokari lelopean "inposizio, murrizketa eta erreforma gehiagorik ez" aldarrikatuko dute egun horretan, eta azpimarratu zuten Maiatzaren 1a jaieguna izanda ere, "aldarrikapen eta borroka egun gisa" ulertzen dutela.
LABeko ordezkarien esanetan, martxoaren 29ko greba orokorraren ondoren, euskal langileria osoak "bestelako Euskal Herria eraiki nahi" duela adierazi du, eta azaldu zuten "sartu nahi gaituzten zulotik irteteko bide bakarra" dagoela: "Euskal Herria eta euskal herritarrak burujabeak izatea".
Hori horrela, "bestelako Euskal Herria eraikitzeko momentua" dela azpimarratu zuten eta gaineratu zuten: "Patronalak eta bankariek, besteak beste, ez dute sekula lortuko euskal langileria burumakur eta etsitua ikustea".
Zapatuan izan zen Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna eta osasun arloan egon diren murrizketak salatzeko egubakoitzean hiriburuetan manifestaziooak egin zituzten.
ELA: "Sindikatua indartu behar da"
ELAk Ezinbestez, sindikatua leloa aukeratu du Maiatzaren 1erako. Izan ere, "datozen urteetan izango ditugun erronkei aurre egiteko sindikatua indartu beharra" dutela uste dute eta horretarako bide bakarrak "antolakuntza, lan kolektiboa eta ekintza sindikala" direla diote.
Horrekin batera, Rajoyren murrizketak langabezia eta txirotasuna handituko dutela ere uste du ELAk, eta "Jaurlaritzak zein Nafarroako gobernuak aurrez ere Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketak aplikatu" dituela ekarri du gogora.
Hala, gehitu du "greba orokorreko aldarrikapenak premia biziagoak bihurtu" direla eta "orduko aliantza sozialak mantentzeko ahalegin guztia" egingo dutela. ELAk mitina deitu du Bilbon, 11:30ean, Jesusen Bihotzean eta handik manifestazioa abiatuko da Plaza Biribilera.
Etsipena garaitzeko deia ESK-k
ESK sindikatuari dagokionez, Borroka ala esklabutza, gizarte matxinada leloarekin aldarrikatuko dute Maiatzaren lehena. ESK sindikatuak, "saihestezintzat azaltzen diguten egoera latzaren aurrean etsipena gainditzeko deia" plazaratu nahi du egun horretan.
Eta uste du, "bakoitzaren beldurrak atzean utziz, antolatuz eta borrokarako indarrak metatuz geldiarazi" dezakegula.
ESKren ustez, martxoaren 29ko greba orokorrak jarraitu beharreko ildo bat adierazi du, "antolatzearena eta indar gehiago metatzearena, gizartearen gehiengo zabalarena", hain justu.
Era berean, lantegietan indarrak metatu behar direla ere uste dute eta "erreformak bertan behera bota" behar direla eguneroko egitateekin eta modu kolektiboan".
"Beste gizarte eredu bateranzko urratsak" egin behar direla ere uste dute; beste eredu sozio-ekonomiko baten beharra dagoela, azken batean.
Hori guztia aldarrikatzeko, Errenteriatik Donostiarako martxa deitu du egun horretarako. Zumarditik abiatuko da, 10:00etan.
CCOO eta UGT elkarrekin
CCOOk eta UGTk elkarrekin aldarrikatuko dute Maiatzaren Lehena. Hiriburuetan deitu dituzte manifestazioak, eta bailarako ordezkariak Donostiakora joango direla aurreratu dute UGT sindikatutik.
Hain justu ere, Alderdi Edertik abiatuko da, 12:00etan. Sindikatu horiendako datorren Maiatzaren 1a "ez da egun horren ospakizun bat gehiago". Uste dute Gobernuak baliatzen duela "herritarrek langabeziaren aurrean duten beldurra haiek deuseztatzen saiatzeko".