Ferran Adriak Basque Culinary Centerren instalazioak bisitatu ditu

Goiatz Arana Begiristain 2012ko apirilaren 26a

Munduko sukaldari onenetakoak eta Basque Culinary Centerren Nazioarteko Aholku Batzordeko presidenteak lehen aldiz bisitatu du BCC, eta 200 lagun baino gehiago batu dira eman duen hitzaldira: bere sukaldaritza-filosofiari eta azken joera gastronomikoei buruz hitz egin die. Ondoren, bisita egin du instalazioetan barrena eta 'Gure Zaporeak Sukaldean I Saria' aurkeztu du.

Basque Culinary Centerrek eta Eroskik bultzatu dute Gure Zaporeak Sukaldean Saria, tokiko eta eskualdeko produktuak sustatzeko. Sariak 12.000 euro eta goi sukaldaritzako jatetxe baten ikasteko egonaldia hartzen ditu barne; bigarren saria 6.000 eurokoa da; eta hirugarrena, 3.000koa.

Lanak aurkezteko epea: ekainak 30

Aurkeztutako proposamen guztien artean, epaimahaiak 10 errezeta-produktu aukeratuko ditu, azken fasera pasatzeko. Azken fasea Basque Culinary Centerren egingo da. Bertan, 10 sukaldari finalistek aurkeztutako errezetak prestatu beharko dituzte. Epaimahaia BCCren Patronatuko sukaldari batzuek osatuko dute. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Interneten zintzilikatu beharko dute bideo-errezeta. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da.

Lehiaketaren helburua da sukaldari profesional baten ekimena saritzea, bertako produktu jakin bat berreskuratuta, egungo gustuetara egokituz, eta bere jatetxean erabiliz, balioa emateko. Irailean Liman Basque Culinary Centerren Nazioarteko Aholku Batzordeak sinatu zuen Biharko sukaldariari zuzendutako gutun irekia-n hartutako konpromisoari erantzun nahi dio sariak, baita tokiko eta eskualdeko produktuen kontsumoa sustatzeko Eroskiren konpromisoari ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak