Adierazi dutenez, “osasun esparruan bereziki latzak izango diren ondorioak izango ditu legeria berriak: batetik, baja hartzen duten langileak kaleratzeko ematen dituen erraztasunengatik; eta, bestetik, ugazaben-mutuei emango zaien eskumenengatik, lanera gaixo joatera bultzatuko baikaituzte (aldi berean istripu arriskuak areagotuz”.
2010 eta 2011 urteetan zazpi eta zortzi gazte (hurrenez hurren) hil ziren lanean Euskal Herrian, sinatzaileek gogorarazi dutenez. Nabarmendu dutenez, gainera, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Osalan euskal Erakundearen datuen arabera “gazteek lan istripua izateko duten arriskua batezbestekoaren bikoitza da”.
Testuinguru horretan, enpleguak, “gizarteratzeko eta garapen pertsonalerako bide bat izan beharrean, gero eta gehiago isolamendua eta esplotazioa sortzen dituela” salatu dute. Ildo berean, “enplegu prekarioek eta enplegu duin baten gabeziak hainbat gaixotasun biologiko zein psikosozial sortzen dituela” nabarmendu dute. Eta, ohartarazi dutenez, azken lan erreformak “are gehiago larrituko du egoera, legedia berriak prekarietatea areagotuko baitu”.
"Langabeziaren errua gazteei botatzen diote"
Sinatzaileek argi utzi nahi izan dute lan baldintza kaskarrek osasuna kaltetzen dutela: “Istripu eta lanpostuetan sortutako gaixotasunez harago doa prekarietatearen eta lan osasunaren artean dagoen harremana; izan ere, gazteontzat enplegua sortzeko aitzakiarekin (eta langabezia eta gizarte bazterketaren mehatxupean), erizaintzara zuzenean bidaltzen gaituzten lan baldintzak onartzera behartzen baikaituzte”, azaldu dute.
Kaltegarritzat dituzten hainbat baldintza zerrendatu dituzte: “prekarietatean formazioa; enplegagarritasunaren pribatizazioa; lan ezegonkortasuna; ez-ohiko formulak (bekak, praktikak, autonomo faltsuak) eta ekonomia ezkutura bideratuak". Horiez gain, administrazioek “langabeziaren konponbide gisa Ekintzailetasun eta Autoenpleguaren sustatzaile bihurtu direla” kritikatu dute, “langabezia eta prekarietatearen errua gazteei botatzen dietelako, espiritu ekintzailea sustatzen dutenean kontutan izan gabe ekintzailetasunak aurre-inbertsio handiak eskatzen dituela, inolako eskubideren truke”.
"Osoko pertsonak bezala har gaitzatela"
"Gazteen duintasun sozio-ekonomikoaren oinarriak ezartze bidean” hainbat proposamen egin dituzte: “osasun-eskubidea irizpide ekonomikoen menpe egon ez dadila; gazteak eskubide osoko pertsonak bezala aintzat har ditzatela; aberastasuna eta lana banatu daitezela; lan osasuna eta lan arriskuen prebentzioa benetako helburu bat izan daitezela -eta ez bete beharreko paper bat-; zaintza lanak aintzat hartu eta lan produktiboarekin berdindu daitezela; zergak gizarte inbertsioan erabili daitezela eta gazteon parte hartzea berma dadila".