Euskadiko Kutxa eta Ipar Kutxaren egoitza soziala Arrasaten izango da

Leire Kortabarria 2012ko apirilaren 26a

Euskadiko Kutxaren eta Ipar Kutxaren Kontseilu Errektoreek Integrazio Protokoloa onartu dute. Dokumentu horrek datozen hileotan bi kreditu-kooperatibek bete beharreko jarraibideak eta eman beharreko urratsak zehazten ditu. Besteak beste, erabaki dute kreditu-kooperatiba berriaren egoitza soziala Arrasaten izango dela.

Martxoaren 20an, Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak kooperatiba-proiektu bateratua sortzeko elkarrizketa formalei ekin zietela jakinarazi zuten biek.

Aldi baterako, ondoriozko entitatearen Kontseilu Errektoreak 15 kide izango ditu: 12 Euskadiko Kutxako ordezkariak, eta 3 Ipar Kutxakoak.

Martxoaren 20an hasitako prozesua ondo doa, izan ere, Euskadiko Kutxak dioen moduan, aipatutako elkarrizketen ondorioz, eta baita "giro on eta lankidetza-espirituari jarraituz", bi entitateetako Kontseilu Errektoreek integrazio-protokoloa sinatzea erabaki zuten apirilean.

Integrazio-protokoloan jasotako erabakirik garrantzitsuenak honako hauek dira:

  • Entitate bateratuak bi entitateetako bazkide mota guztiak hartuko ditu barne.
  • Kreditu-kooperatibaren egoitza soziala Arrasaten egongo da.
  • Ipar Kutxaren Bilboko egungo egoitza Txikizkako Bankuko Merkataritza Sarearen egoitza operatiboa izango da eta bere Negozio-Batzordearena ere, eta dagokion Lurralde Zuzendaritza eta laguntza-egiturak ere bertan egongo dira. Era berean, Lagun Aro Aseguru-Etxearen egoitza, OBSV berriarena eta Zorroen Sozietatearen eta Kudeatzaileen kokalekua Bilbon mantenduko dira.
  • Aldi batez, Kontseilu Errektoreak 15 kide izango ditu: 12 Euskadiko Kutxakoak eta 3 Ipar Kutxakoak.
  • Bi entitateetako lan-bazkideen edo langileen lan-arloko eta gizarte-segurantzako eskubide eta betebeharrei bere horretan eutsiko zaie, batik bat lan-baldintzei, lan-kategoriari, soldatari, antzinatasunari eta lan-bazkide edo langileen gainerako eskubideei dagokienez.
  • Ipar Kutxako langileei lan-bazkide izateko aukera eskainiko zaie. Langile bakoitzak bere erabakia hartuko du.
  • Integratu bitartean bi Entitateen jarduera koordinatzeko ardura izango duten lan-taldeak eta lan-mahaiak diseinatuko dira, eta integrazioaren ondoriozko politikak, prozedurak eta antolakuntza zehaztuko dira, erakunde bien jardunbiderik onenak aprobetxatuz.


Azkenik, protokoloak integrazio-egutegia ere zehaztu du. Horrela, bi entitateetako Kontseilu Errektoreek bateratze-prozesua onartu ondoren, bi Batzar Nagusiek berretsi egin beharko dute. Bi Batzar Nagusiak ekainaren bukaeran egingo dira, ziurrenik, eta integrazioa azaroan burutuko da.

Integrazioaren ondorioz sortuko den Kreditu Kooperatibak 25 mila milioi euro baino gehiago kudeatuko ditu aktiboetan, 1,3 milioi bezero izango ditu 450 sukurtsaletan, 2.500 langile enplegatuko ditu eta 1.700 milioi euroren baliabide propioak bereganatuko ditu.

Euskadiko Kutxaren esanetan, integrazioak hobetu egingo du Tokiko Entitatearen Posizionamendu Estrategikoa, herrialdean duen atxikimendua sendotuz. Bestalde, Entitate bakoitzaren jardunbiderik egokienak hartuz, kostuen sinergiak eta gestio eredu berriak garatzea erraztuko du. Azkenik, "Entitatearen garapena sendotuko du nekazaritzako elikagaien arloan, industriaren arloan eta banka-aseguruen arloan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak