Zigor Etxeburua: "Foru Aldundiarekin harremanak euskaraz izan nahi duten herritarren errolda egin nahi dugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko apirilaren 29a

Errenta aitorpena egiteko sasoian gaudenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpaina bat abiarazi du herritarrek Diputazioarekin harremanak euskaraz izan ditzaten. Kanpainaren gaineko azalpenak eman ditu Goiena magazinea-n Zigor Etxeburuak, Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. Kanpainaren gaineko zehaztasunez gain, euskararekin lotutako beste kontu batzuk ere jorratu ditu.

Foru administrazioarekin harremanak euskaraz egitea planteatzen duzue. Orain hori ez da posible?

Bai, posible da eta edonork egin dezake eskaria, orain abiatu dugun kanpainari itxoin barik. Baina bai esan nahi dut orain sistematizatu egin dugula, eskari gehiago izan ditzagun. 

Errolda bat osatzen ari zarete, ezta?

Bai; azken finean, zerrenda bat behar dugu. Lagunen arteko afaria egiten dugunean eta kafea hartu behar dugunean, zerrenda egiten dugu, bakoitzak zelakoa nahi duen jakiteko. Bada, hemen berdin. Zerrenda, errolda edo nahi den moduan deitu, baina herritarrek egin duten hizkuntzaren hautua datu base  batean biltzea ezinbestekoa da; ondoren, harremanak haiekin aukeratutako hizkuntzan egiteko.

Errenta aitorpena izango da hasierako bidea?

Foru Ogasunetik galdetuko die, ia 400.000 zergaduni, ze hizkuntzatan egin nahi duten errenta aitorpena. Eta guk baliatu nahi dugu hori, herritarrek harremanak Ogasunarekin ez ezik, Foru Aldundiko departamentu guztiekin ere egin ahal izateko.

Autolikidazioa jasotzen dutenei ez die eragingo kanpaina honek?

Ez. 160.000 lagunengana helduko gara zuzenean, eta galdera zuzena egingo diegu haiei. Baina autolikidazioak etxera ailegatzen direnean, etxeko zergadunen batek erantzuten du. Kontua da datua baliatu ahal izateko ezin dezakegula ziurtatu erantzuna eman duena zergaduna bera denik, Datuen Babeserako Legearengatik. 

Errentarik egiten ez dutenek eta autolikidazioa jasotzen dutenek Foru Aldundira joan beharko dute?

Dagoeneko egin dezakete eskaria, bai. Pertsona orok egin dezake hori. Baita enpresek ere. Arrasateko Udalak, esaterako, urteak daramatza eskatzen harremanak euskaraz egitea Foru Aldundiarekin. Eta dagoeneko bide eman diogu horri. 

Jendaurrean lan egiten duten Aldundiko langile guztiekin izan ditzakegu harremanak euskaraz?

Gaur egun, guzti-guztiekin, ez. Hori hala da, baina aldatzeko bidean da. Aldundiaren konpromisoa da 2015erako gurekiko harremanak norberak nahi duen hizkuntzan egin ahal izatea. Sail guztietan. Jendaurreko lanpostu erdaldunak euskalduntzeko bidean ari gara. 

Euskara hutsezko harremana aipatzen denean, askotan, beldurtu ere egiten gara.

Ausartzera gonbidatuko nituzke gipuzkoarrak. Erronkari eustea. Bestalde, nahiko nuke kendu susmo edo uste hori. Baditugu urteetako esperientziak. Gure gurasoek ikastolak sortu zituztenean, ikasi, gaztelaniaz egiten zen, eta hasi ziren euskaraz ikasten, gurasoekin batera, eta gurasoak ohitu ziren euskara beste esparru batean ere erabiltzen. Eta orain ere egingo dugu. Gainera, erakundeetan ahalegin berezia egin da hizkuntza, teknikoa izanda ere, ulergarriagoa izan dadin. Gaur egungo testuek ez dute zerikusirik lehenagoko testu korapilatsu haiekin. Are, gehiago, batzuetan, euskarazko testua ulergarriagoa da gaztelaniazkoa baino.

Aldundia euskaratzeko ere balioko du plan horrek, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Herritar askok aukeratzen badu harremanak euskaraz egitea Aldundiarekin, erakundeak berak ere bere ekipoa, bere lan jardunak… prestatu beharko ditu eskari horiei erantzuteko. Ez da bakarrik norberaren erronka, baizik eta Aldundiari egiten diogun zirikada ere bai. 

Kritikak jaso ditu planak, sozialisten eta popularren aldetik batik bat. Baztertzailea adela diote.

Bi alderdi horietatik bultzatu den asmo txarreko kanpaina horrek haserrarazi gaitu. Gauza itsusiak esan dira, nazismoarekin eta faxismoarekin lerratu nahi izan gaituzte, eta hori ez dugu inolaz ere onartuko, eta jakinarazi diegu haiei, gainera. Urteetan herritarrek, erakundeek, egin duten lana eta normalizazioaren gainean lortu dugun adostasun soziala pitzatu nahian dabiltza. Ez dakit nahita edo oharkabean egin duten. Oharkabean egin badute, kezkagarria da; nahita egin badute, larria. 

Bestalde, Euskararen Plan Estrategikoa egin du Aldundiak. Zertarako?

Lehendik egina zen plana berritzea izan da helburua. Herritarrei zabaldu eta eguneratu egin dugu. Emaitzak ez dauzkagu esku artean oraindik. Emaitzen berri eman nahi diegu herritarrei. Eta, gero, gogoeta edo aholku emaile lantalde bat sortzea da asmoa, gure lanaren jarraipena egiteko.

Euskarazko hedabideak ere ari dira gogoeta egiten, Aldundiarekin batera. Ze lortu nahi da?

Eraginkortasuna. Behar ditugu euskarazko hedabide eraginkorrak. Agian, kopurua baino gehiago, behar ditugu eraginkortasuna, funtzionatzeko moduak… Ez beti baliabide eskasekin aritzea. Garaiari erantzuten dioten hedabideak behar ditugu. Ahalmenak konpartitzea da helburua, eraginkorragoak izateko. Uste dut bide horretatik ari zaretela, eta pozten naiz, gainera. 

Euskarazko tokiko telebistei dagokienez ere badituzue esku artean asmo berriak, ezta?

Bai. Tokiko telebistak elkarrekin aritzeko eta produktu komunak egiteko, egitasmoak, laguntzak, bideratu ditugu. Horretara gonbidatu nahi ditugu lurraldeko euskarazko tokiko telebistak. Eta, hasteko, Gipuzkoako berrien albistegi bat egitea da helburua. Gipuzkoa Donostia baino gehiago dela islatu nahi dugu. Gure asmoa da herrialdeari ematea daukan pisua eta hori euskaraz egiteaHiribururik euskaldunena da gurea, baina herriek egiten dute euskaldun lurraldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak