Aldundiko ekonomia arloko arduraduna, Jon Peli Uriguen, pozik azaldu da harreman erronda honi enpresaburuek emandako erantzunagatik: “Erantzuna masiboa izan da. Egin ditugun bost aurkezpenetan 520 enpresa-arduradun izan dira eta interes handiz jarraitu dituzte aurkeztu ditugun eta 20 milioi eurotik gora doazen laguntza lerroak. Gaindituz izena eman diogun komunikazio ekintza honen aurreikuspenak gainditu ditugu eta uste dut eskualdeetara egin dugun gerturatze horrek laguntzak enpresa gehiagotara iristea ahalbidetuko duela”.
Lurraldean zehar egin den aurkezpen errondaz gain, Foru Aldundiak liburuxka informatibo bat banatu du eta www.gaindituz.com webgunea sortu du laguntzen ezaugarriak azaltzeko helburuarekin.
Elkarlanaren beharra
Aldundiaren esanetan, enpresei laguntzeko programa horiek Gipuzkoaren ekonomia, produkzioa eta gizartea "hobetzeko tresna" izan behar dute, eta helburua da, azken baten, krisitik irtetea. Horretarako, eskualdez eskualde, "elkarlana" behar izango dela ohartarazten du Foru Aldundiak, eta bera gertu azaldu da "lan horretan lidergoa hartzeko, prozesu horren dinamizatzaile izateko. Hori da Gipuzkoa Saretzen egitasmoak egin nahi duen bidea", esan dute arduradunek.
Bada, prozesu horretan, hurrengo pausoa maiatzaren 4an izango da, garapen agentziekin egingo duten batzar batekin.