Kontratuen kudeaketari buruz, Goiak lan guztietako prozedura azaldu zuen. "Irizpide teknikoak kontuan hartuta" eta "gardentasunez" egin zirela azpimarratu zuen, eta aldaketen eragile arrazoi geoteknikoak izan zirela gaineratu: "Ezpondak, ur- bideratzeak, lur-jauziak edo kaltetutako herriek eskatutako aldaketak izan ziren proiektuetan aldaketak egiteko arrazoiak".
Epeei buruz, Goiaren ustez, "Aldundiak erabaki zuzena hartu zuen esleipenen epeak kontuan ez hartzea erabaki zuenean, izan ere, gure lurraldean ezinezkoa da epeak ezartzea eta, are gehiago, eguraldiak zeresan handia izan dezakeenean".
Bide Azpiegituretako foru diputatu ohiak adierazi zuenez, lan bakoitza egiteagatik ordaindu zena obra kostatzen zena izan zen, eta Herri-kontuen Euskal Epaitegiak esandakoa ekiditeko modu bakarra kontratuaren etetea da: "Muturreko jarrera bada ere hori, berdina ordaintzen amaitzen da, baina urtebeteko edo gehiagoko atzerapenarekin eta herritarrei kalte handiagoak eraginez".
Olano: "Bilduk ez du lurralde azpiegiturak hobetzeko proiekturik aurkeztu hamar hilabetean"
Markel Olano ahaldun nagusi ohiak Bilduren jarrera kritikatu zuen, egindako azpiegiturak, Bidegi eta aukeratutako finantziazio-sistema eta Aldundiko aurreko arduradunen kudeaketa "zalantzan" jarri izanagatik. Halaber, hamar hilabeteko epean "lurraldeko azpiegiturak hobetzeko proiekturik aurkeztu ez izana" egotzi zion.
Bestalde, Olanok Bidegiren laguntza eskertu zuen, "%100ean foru-elkartea izan arren, inoiz ez duelako Aldundiaren laguntzarik behar izan". Ildo horretan, lan guztiak "gardenak" izan zirela azaldu zuen, eta politikariek ez ezik kazetariek ere bisitatu zituztela.
Borja Jauregi: "Aurreko kudeatzaileen ospe txarra lortu besterik ez dute nahi"
Bidegiko zuzendari ohi Borja Jauregi izan zen hitza hartzen azkena. Jauregiren aburuz, agerraldia erabilera politikoa izan zen: "Aurreko kudeatzaileen ospe txarra lortzeko baino ez da izan; izan ere, informazioa eskatzeko izan balitz, hortxe dituzte espediente guztiak". Eta gaineratu zuen Bidegiren diru-sarreren %90 ez-ohiko erabiltzaileen bidesarietatik eta Europako garraiotik datorrela. Batzar Nagusiei zein Foru Aldundiari eskatu zien Bidegi zaintzeko, baldin eta "lortutako errepide-sarea pikutara bidali" nahi ez badute.
Ezker abertzaleak ikuskizun eskandalagarritzat jo du EAJk Batzar Nagusietan egindako agerraldia
Atzoko agerraldia, Bilduk eskatuta, EAJ agintean zegoen garaian "Bidegik izan zituen 260 milioietako desfaseak" azaltzeko agerraldia izan zela azaldu zuen, eta Kontu Auzitegiak "EAJk iruzur egin zuela" ondorioztatu zuela gaineratu: "Gogoratu behar da Kontu Auzitegiak EAJko kudeatzaileek iruzurrak egin zituztela adierazi duela bere 2009ko txostenean, orain dela aste batzuk publiko egin zena. Besteak beste, kontrataziorik gabeko igoerak egon dira, Bilduk gobernua hartu baino 6 egun lehenago egindakoak".
Ezker abertzalearen iritziz, EAJk ez du desfaseen gaineko azalpen bat bera ere eman: "Ez dute esplikatu ezta zentimo bat ere. Gipuzkoako herritarrek merezi dute azalpen bat eta gaur EAJk Batzar Nagusietan egin duena da gipuzkoarren aurpegira barre egitea. Gaurkoa, espektakulu eskandalagarria izan da".
PP eta PSE-EErentzat ere izan zituen kritikak: "Ez dute desfasearen gaineko galderarik egin, ez dute Kontu Auzitegiaren txostena aipatu ere egin eta, hain justu ere, hor azaldutako iruzurrak estali nahian ibili dira". EAJrekin batera Gipuzkoan "ezezkoaren fronte bat" osatzen ari direla gaineratu zuten, baina ezker abertzaleak "gipuzkoarrei azken urteetan egindako iruzur ekonomikoa salatzen" jarraituko dutela gaineratu.
Aralar kritiko azaldu da aurreko gobernuaren bide azpiegituren kudeaketarekin
Rebeka Ubera Aralarren Batzar Nagusietako bozeramalearen iritziz, azpiegituren kudeaketak "zuzena" izan behar du: "Diputaziotik zuzenean egin behar da, ez beren aldetik elkarte anonimoak sortzen dituzten elkarte publikoen bitartekaritzarekin. Elkarte horietan, esan gabe doa, foru gobernuak gehiengoei eusten diela".
Aralarren ordezkariak Bidegiren "gehiegizko zorra" ere salatu du, eta "azpiegitura-zalekeriaren garaia" amaitutzat jotzeko beharra azpimarratu.