Aurtengo maiatzaren lehena oso testuinguru berezian datorrela iragarri dute LAB sindikatuko kideek; krisi ekonomikoa eta ofentsiba neoliberala bete-betean jasotzen ari garen unean, LABekoen esanetan.
Maiatzaren lehena jai eguna izanda ere, aldarrikapen eta borroka egun bezala ulertzen dutela azaldu dute. Aldarrikatu dute baita ere, euskal langileria osoa antolatuta, inposaketa, murrizketa eta erreformei ezetz esan beharra dagoela.
Horrez gain, esan dute bide bakarra dagoela sartu nahi gaituzten zulo horretatik irteteko: Euskal Herria eta euskal herritarrak burujabeak izatea, euren esanetan.
Bestelako Euskal Herria eraikitzeko momentua dela azpimarratu du LAB sindikatuko Ana Sebalek eta gaineratu patronalak eta bankariek, besteak beste, ez dutela sekula lortuko euskal langileria burumakur eta etsitua ikustea.
Horregatik guztiagatik, maiatzaren leheneko manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute. Eibarren izango da martitzenean eguerdiko 12:00etan Untzaga plazatik irtenda.
Hilaren 27ko manifestaziorako deia
Gogoratu dute maiatzaren lehen hau astetik astera erabaki eta inposaketa berriak inposatzen ari zaizkigun testuinguruan ospatuko dugula, azkenak hezkuntzan eta osasungintzan. Eta hilaren 28an Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko denez, bide batez, dei egin dute baita ere hilaren 27an, egubakoitzean, hiriburuetan egingo dituzten manifestazioetan parte hartzeko.