Diputaziotik adierazi dute hondakinen hitzarmena ez luzatzea ez dela oztopo izango Gipuzkoarentzat Zero Zabor politikan aurrera egiteko

Goiatz Arana Begiristain 2012ko apirilaren 25a

Bizkaiko Foru Aldundiak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarekin duen hitzarmena ez berritzeko hartutako erabakiak ez ditu ezustean harrapatu Gipuzkoako Diputazioko arduradunak, "aurreko egunetan esandakoa berretsi dutelako", euren esanetan. Dena den, hitzarmena hausteko inongo arrazoi objektiborik ez dagoela azaldu dute, Gipuzkoako Aldundiak han esandakoa hitzez hitz bete duela argudiatuz.

Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, "Bizkaiko Aldundiak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK) ezarritako presio politikoa gogor gaitzesten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bizkaiko Aldundia ez da nor GHKri hondakinak nola kudeatu behar dituen inposatzeko. %80tik gora birziklatzeko helburuaren gainetik errauste planta eraikitzea lehenesten dute EAJko buruzagiek, eta presio hori onartezina da Gipuzkoako Aldundiaren iritziz".

Baina Gipuzkoako arduradun pilotikoen esanetan, Bizkaikoek iragarritako erabakia ez da oztopo izango Gipuzkoan Zero Zabor politikan aurrera egiteko: "Europako Batzordeko irizpideei jaramon eginez, Zero Zabor politikaren bidetik segituko du Gipuzkoako Aldundiak".

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek diote abian jarritako plangintzari esker eta Gipuzkoako hainbat erakundetan abian jarritako Zero Zabor politikei esker, hitzarmena ez luzatuz gero, Gipuzkoak berak ez duela zailtasun handirik izango Bizkaira eraman beharreko hondakin horiek kudeatzeko.

Eztabaida "partidismotik" atera beharra dagoela eta ezin dela "probintziakeria parametroetan" planteatu esan dute, eta hondakinak "egoki" kudeatu ahal izateko "zentzuzko jokabideak" nagusitu behar direla gaineratu.

Bilduri emandako babesa kentzeko eskatu dio PSE-EEk EAJri

Bizkaiko Foru Aldundiak Gipuzkoakoarekin zuen hitzarmena ez berritzeko hartutako erabakiaren harira, Bilduri emandako babesa kentzeko eskatu dio Denis Itxaso PSE-EEko Gipuzkoako Ingurumen idazkariak EAJri: "Zazpi aste geratzen dira oraindik Igorreko zabortegietako ateak ixteko Gipuzkoako zaborra daramaten kamioiei. Denbora dago jeltzaleak sozialistekin akordioen ibilbidera bueltatu eta bere garaian bultzatu zuen plangintza defendatzeko".

Aralar: "Bizkaiko Diputazioak hanka sartu du"

Aralar alderdiaren iritziz, "hondakinen kudeaketaren arazoa ez da herrialde baten arazoa eta planteamendu orokorra eta nazionala behar du, ingurumena errespetatzen duena eta berrerabiltzea, birziklatzea eta zaborren sortzea murriztea bilatzen duena".

Dio beti egon dela herritarren arteko elkartasunaren alde eta elkartasun hori administrazioen kudeaketara guztira zabaldu behar dela, "herritarren arazoen konponbidea ahalik eta eraginkorrena izateko".

Gipuzkoarekin zeukan hitzarmena ez berritzeko Bizkaiko Diputazioak hartu duen erabakia okerra eta hanka sartzea izan dela uste du Bizkaiko Aralarrek, eta berraztertzeko eskatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak