1. Fokuen argiak txikitatik izan dituzu gustuko?
Kameraren objektiboa gehiago... 16 urterekin serio hartu eta prestatzen hasi nintzen. Hortik bizi izaten saiatu gura nuen eta 25 urtera arteko epea jarri nuen. Oraingoz, lanbide gogokoenetik bizi ahal izan naiz.
2. Pantaila txikia, bigarren etxea?
Oso gustura sentitzen naiz, baina ez zait gustatzen horretan bakarrik geratzea. Antzerkiaren magia ere oso polita da; orain mikroantzerkian nabil: hamabi minutuko obrak hamabost ikusleren aurrean. Oso esperientzia polita ari da izaten.
3. Edertasunak ateak ireki eta itxi egiten dituela diote. Ados zaude?
Bai eta ez. Edertasunak ateak itxi baino gehiago, mugatu egiten zaitu, pertsonaia batzuetarako bakarrik ikusten zaituzte. Lan barik edo lan askorekin dagoen jende oso polita dago, profesionaltasuna da gakoa.
4. Casting-etan, zenbat ezezko entzuten dira baiezko bakoitzeko?
Oso arraroa da, ez dago arrakastaren sekreturik: urte batean casting guztietan hartzen ninduten, eta orain ez da horrela... Lan honetan, burua oso hotza izan behar duzu ondo mantentzeko.
5. Nola moldatzen da beasaindar bat Madrilgo oihanean?
Madrilen %90 kanpokoak gara, eta etxean sentiarazten zaituzte. Orain oso ondo nago. Horrek ez du esan nahi Euskal Herria faltan igartzen ez dudanik...
6.Prentsa arrosakoak ere ez dituzu oso urruti ibiltzen...
Lan honetan prentsa arrosak ere hartzen du parte. Ematen duzuna jasotzen duzu: errespetuz tratatzen ditugu eta haiek gu ere bai. Baina kalean zoazela paparazzi batek argazkiak ateratzea arraroa egiten da.
7. Andaluziar bat eta euskaldun bat... ondo moldatzen dira?
Oso ondo. Hura [bikote Jesus Olmedo aktorea] ez da andaluziar tipikoa, eta ni ez naiz euskaldun tipikoa; biok nahasketa kuriosoa dugu, horrek badu bere grazia.
8. Marvelous. Hitz hori entzunda zer etortzen zaizu burura?
Sara Montiel. Oso esperientzia polita izan zen; pertsonaia oso ezberdina da, bere puntuarekin. Gauza asko ikasi nituen harekin; duen politena da berdin zaiola nor zaren eta ze izen duzun, beti berdin tratatuko zaitu. Estimu handia diot.
9. Eta James Bonden pelikula bat ikusita?
AEBetan nengoela Bonden pelikula bateko casting-a egiteko aukera izan nuen; leku konkretuan eta momentu egokian nengoen. Bi profilen bila zebiltzan eta esan zidatenez, baten azkenengo hiruren artean geratu nintzen. Baina azkenean beste profilarekin geratu ziren.
10. Noiz azken billar partida?
Ez dut aspaldi jokatu, baina irakatsi zidanarekin partida bat dut botatzeko. Asko gustatzen zait, lasaitasuna ematen dit.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Krisiaren kontuan ordena apur bat jarriko nuke, gauzak zentzuarekin eta denentzat berdin eginez; hau da, batzuek murrizketak sufritu behar badituzte, denek sufri ditzatela. Injustiziak amorrazioa eragiten dit, ez zait aproposa iruditzen. Baina uste dut errazagoa dela elefante bat hegaz ikustea".