"Petra" gurean da, 100 km/h-tik gorako haize boladekin

Ubane Madera 2012ko apirilaren 25a

Petra izeneko depresio sakon baten ondorioz haizeak zakar jotzen dihardu gauaz geroztik. Hegoaldeko haizea da, eta egunaren lehenengo partean oso indartsu segituko du, eta toki askotan 100 km/h-tik gorako haize-boladak izango dira. Euskalmeten arabera, arratsaldetik aurrera indarra galduko du, nahiz eta oraindik bizi ibili. Herrizaingo Sailak alerta laranja aktibatuta dauka, 03:00etatik 12:00ak arte. Hortik aurrera alerta horia mantenduko du, 18:00ak arte. 

Fronte bat iritsi da gurera, haize indartsuak ekarri dituena, ziklogenesi eran; zenbait kasutan 130-140 km/h indarra hartuko dute boladek. Horren aurrean Herrizaingo Sailak ohiko gomendioak kontuan hartzea eskatu du:

  •  Ateak, leihoak eta toldoak ondo itxi edo lotzea
  •  Kalera jausi daitezkeen objektuak erretiratu, lorontziak, adibidez.
  •  Obra elementuak (aldamioak, garbaiak…) ondo lotu.
  •  Kalean egonez gero, aldendu pareta, zuhaitz, publizitate hesi eta bestelakoez.
  •  Ahal bada, ez ibili errepidean. 

Euri txikia eta tenperaturak gora

Euriari dagokionez, Euskalmeten arabera, gaurko frontea ez da oso emankorra izango, eta euri txikia baino ez du utziko, batez ere arratsaldetik aurrera.

Hori bai, haizea hegoaldetik dator, eta horren ondorioz, tenperaturek nabarmen egin dute gora. 08:00etan Arrasaten, adibidez, 12 gradu zeuden. Eta eguraldi adituen arabera, zenbait lekutan 20 ºC-tik gora ere koka daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak