Diputazioak bere gain hartuko ditu udalek kudeatzen dituzten eguneko zentro eta zaharren egoitzak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko api. 24a, 17:01

Legeak dioena beteko du horrela, 2008tik Diputazioaren eskumena direlako legez. 16 zentro eta egoitzari eragingo die aldaketak. Gizarte Politikako departamentuak hiru hilabeteko epean aurkezteko die proposamena Batzar Nagusiei eta udalei.

Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak adierazi du eskualdatzea prozesu konplexua izango dela eta apurka-apurka egingo dutela. Asmoa da, hori bai, zaharren egoitzetatik hastea, horiek kudeatzeak suposatzen duen kostu ekonomiko altua kontuan izanik. 

Tokian tokiko eguneko zentro, zaharren egoitza eta udalen egoerak hartuko dituzte aintzat, euren artean oso ezberdinak direlako. Kontuan izango dute zein egoera ekonomikotan dauden edota langileak zein baldintzatan dauden: egun udal-funtzionarioak direnak foru-funtzionario izaera izatera pasako dira…

Etxez etxeko laguntza

Legeak dio zaharren egoitzak eta eguneko zentroak Foru Aldundiaren eskumena direla 2008tik. Alderantziz, etxez etxeko laguntzari dagokionean dio egun zerbitzu hori Diputazioak kudeatu eta ordaintzen duen arren, udalen eskuduntza dela; udalen gain geratuko da, beraz.

Aldaketa hauek guztiak batzen dituen plangintza integrala hiru hilabete barru aurkeztuko die Gizarte Politika  diputatuak Batzar Nagusiei eta udalei, euren proposamenak jasotzeko ondoren.

Asmo horiek direla-eta, alderdi sozialistak eta jeltzaleek kontraesanetan erortzea eta bere kudeaketa eredua zein izango den ez argitzea egotzi diote Rodriguezi; aldiz, Aralarrek ontzat jo du iragarpena eta gizarte zerbitzuen egungo kudeaketa eredua aldatzeko "beharra" berretsi du.

Debagoieneko egoera

Arrasate:

Eguneko zentroa Aita Mennik kudeatzen du egun, eta Iturbide zaharren egoitza Udalak; azken honek 202.367 euroko defizita eragin zuen 2011n. Diputazioari dagokio bata zein bestea kudeatzea.

Eskoriatza:

Aita Menni arduratzen da eguneko zentroaz eta patronatu batek kudeatzen du zaharren egoitza.

Aretxabaleta:

GSR zaharren egoitza pribatua da eta eguneko zentrorik ez dago; eskaera egiten dutenak Eskoriatzako eguneko zentrora bideratzen dituzte.

Bergara:

Diputazioa arduratzen da eguneko zentroaren kudeaketaz eta Udala zaharren egoitzarenaz (Mizpirualde).

Oñati:

Eguneko zentroa Aita Mennik kudeatzen du eta zaharren egoitza (San Martin) errektore batzorde batek.

Antzuola, Elgeta eta Leintz Gatzaga

Antzuolako eta Elgetako eguneko zentroak ez dira besteak modukoak; herri txikiak izatera, erabilera anitzeko herri zentroak dira. Beste zerbitzu batzuekin batera kudeatzen dituzte (babestutako etxebizitzekin batera) eta, horregatik, izaera berezia dute. Tokian tokiko udalek kudeatzen dituzte. Zaharren egoitzarik ez dago.

Leintz Gatzagan ez dago ez dago ez zaharren egoitzarik ez eguneko zentrorik.

Aramaio (Araba):

Eguneko zentroa dago bertan (Lurgorri). Udalarena da eta Kl kooperatibak gestionatzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak