AP-1en irekieraren atzerapenagatik konpentsazioa eskatzen jarraitzen du Arabak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko apirilaren 24a

PSE-EE eta PPk mozioa onartu dute Arabako Batzar Nagusietan: kalte-ordaina eskatzen diote Gipuzkoari, lurralde horretako zatiko lanetan izandako 17 hilabetetako atzerapenagatik. Horren ondorioz, ezin izan zuten Arabako zatia aurreikusitako datan ireki, nahiz eta lanak bukatuta egon.

Arabako Batzar Nagusietan nazionalisten aulki batzuk hutsik zeuden atzo, astelehena, eta egoera horretaz baliatuta atera zuten aurrera mozioa sozialistek, popularren babesarekin. Horren bitartez, Diputazioari eskatzen diote Eibar-Gasteiz autobidearen irekieraren atzerapenak eragindako kalte eta galerak jasotzen dituen txosten bat egiteko maiatzean zehar. Behin hori eginda, Gipuzkoari aurkeztea da asmoa, "arabarrekin duten zorra gogora erazteko". 2008ko urrian ere onartu zuten gisa horretako mozio bat eta bete ez izana egotzi diete orduko kudeatzaileei.

Gipuzkoa, bere aldetik, Araba konpentsatzearen kontra egon da hasieratik, aldundi biek autobidea egin eta finantzatzeko akordioa izenpetu zutenean ez zutelako halakorik jaso. Gipuzkoatik diote, gainera, eurek ordaindu zutela Isuzkitzako tunela, zati baten Arabako lurretatik igarotzen den arren.

Historia luzea

Aspalditik dator hika-mika. Asmoa bazen ere 2008 urte hasieran irekitzea –hori izan zen ofizialki emandako azken data– autobidea bere osotasunean –46,2 kilometro– ez zuten zabaldu 2009ko maiatzaren 22ra arte. 

Gipuzkoako zatian, Isuskitzako tunela egiteko lanetan sortutako ezusteko geologikoei egotzi zieten atzerapena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak